INFO

Steilasen arabera, Hezkuntza Sailak garun-paralisia duen ikasle bati laguntza murriztu dio

Steilasek salatu du Lakuako Hezkuntza Sailak garun-paralisia eta %87ko desgaitasuna duen ikasle bati ez dio lanaldi osoko hezitzailea jarri. Sindikatuaren arabera, autonomia garatu ahal izatearen «aitzakiarekin», jardunaldi erdiko hezitzailea esleitu dio Lanbide Heziketara igaroko den ikasleari.

Garun-paralisia duen ikasle bat, eskola bidean. (Getty)

Steilasek salatu duenez, Lakuako Hezkuntza Sailak garun-paralisia eta %87ko desgaitasuna duen ikasleak beharrezko duen hezitzaileari lanaldia murriztu diola. Ikaslea Lanbide Heziketan hastean, Lakuatik bere hezitzailearen lanaldia jardunaldi erdira murriztu dutela salatu du sindikatuak.

Sindikatuaren arabera, Hezkuntza Sailak autonomia garatu ahal izatearen «aitzakipean» hartu du erabakia, familia lanaldi osoko hezitzailearen beharra azpimarratu arren. «Hezkuntza Sailak ahoa inklusioa bezalako hitzez betetzen badu ere, badirudi, ez duela ikasle honi lanaldi osoko laguntzailea jartzeko inongo borondaterik», adierazi du Steilasek.

Horren aurrean, Jokin Bildarratzek, Lakuako Hezkuntza kontseilariak, adierazi du hezkuntza-laguntzako espezialista bat esleitzea «oso salbuespenekoa» dela. Horren aurrean, Steilasek hezitzailearen beharrezkotasuna azpimarratu du: «Garun paralisia eta %87ko desgaitasuna ez ote dira nahikoak Hezkuntza Laguntzako Espezialista lanaldi osoan esleitzeko?», galdetu du Steilasek.

Horretaz gain, sindikatuak ere kritikatu du hezitzaile esleitzeko irizpideak ez direla egokiak: «Steilasetik hainbatetan salatu dugun bezala, baliabideak esleitzeko irizpideak ez dira egokiak, beti behetik zehazten dira, ez dira errealitatera egokitzen».

Hori dela eta, sindikatuak azpimarratu du ikasleak lanaldi osoko hezitzailea behar duela eta Lakua horretaz arduratu behar dela. «Hezkuntza Sailak ezin du ikasleen garapenean oztopo izan», nabarmendu du Steilasek.