INFO

Angeluko Pignada bere osotasunean bisitatzeko aukera, zabalik

Hiru urte igaro dira sute batek Angeluko Pignadan (Pinudia) kalte handia eragin zuenetik. Birlandaketari denbora emateko xedez geroztik itxita zegoen basoaren iparraldeko eremua berriz ireki dute. Txibertako natura eremuaz, bere osotasunean, ahalko dute gozatu auzoek zein bisitariek.

Emazte bat zabaldu beri den eremuan bueltaxka bat egiten, uztailaren 19an. (Guillaume FAUVEAU)

Botak eta makilak hartu eta Txibetara bueltaxka fresgarria egitera. Angeluko auzoentzat ohitura zen ibilbidea debekatua izan da azken hiru urteetan. Izan ere, aste honetan hirigune horren birika den eremuaz, bere osotasunean, gozatzeko aukera berreskuratu dute.

Suteak kalte handiak egin zituen itsas pinudiz beteriko basoan. Gauzak horrela, kaltetua izan zen iparraldeko eremua itxita atxikitzea deliberatu zuen Udalak.

Denbora honetan, suak utzitako ondorioei aurre egiteko bere bidea egin du naturak, basozainen lana mespretxatu gabe. Loreek eta kimu berdeek belztutako lurrari kolorea eman diote.

2020ko uztailaren 30ean piztu zen suteak suntsiketa handia eragin duen Txibertako oihanean, Angelun. Orotara 145 hektara kiskali zituen suak Txibertako oihanean.

Hiru urte beranduago, eta 45.000 zuhaitz berri landatu ondoren, suak gehien kaltetu zuen eremua ireki zaie bisitariei, hainbat baldintza ezarririk.

Zuhaitz kimuak babesteko hesiak ezartzeaz gain, basoaren zaintza hartzeari begira informazio kanpainia abian eman du Angeluko Herriko Etxeak.

Informazio panelak eman dituzte bereziki babestu behar diren landaketa berrien eremu horietan, baina baita oihanaren sartu-irteera guztietan.

Ibiltarien gida moduko bat osatu dute, basoan bizi diren landare eta animaliekiko errespetu keinuak hobeste aldera. 

Bistan dena, sua piztea, berdin barbakoa egitea edo zigarroa erretzea debekatua izanen da. Horretaz gain, basoaren garbitasuna bermatzeko beste hainbat aholku eman dituzte.

Bestalde, uda osoan zehar sei bat baso zaindari Pignada eta Lazaret oihan eremuen artean ibiliko dira, bizikletaz, bisitarien zalantzei erantzuteko prest.

Era berean, Baso-Etxean oihanari buruzko informazioa emateko hitzorduak proposatuko dituzte.

Aldaketa klimatikoa antzat hartzen duen basogintza

Itsas pinuak eta leger haritzak landatu dituzte, gehienbat, suak kiskali zuen zuhaitz masa berreskuratze aldera. Orotara 45.000 zuhaitz ale.

Negutik aitzina bertze hainbat espezie landatzeko plana abian emanen dute.

Udalak emandako informazioaren arabera, hiru mota ezberdineko haritzak, urkiak edota robiniak landatuko dituzte, oihan berria anitzagoa izateaz gain aldaketa klimatikoaren aurrean erresilenteagoa izateko.

Iazko udan, lehorte handiaren egoeran, tenperaturek goia jo zutenean Pignada ixteko agindua eman duen Prefekturak. Aurten, egoera errepikatuko balitz beste hainbeste egingo dutela ohartarazi du Angeluko auzapeza den Claude Olivek.