INFO

Behartuta?

Feijóo eta Abascal, elkarrekin Madrilen... eta beste toki askotan. (Eduardo Parra | Europa Press)

Joan den astean Pedro Sanchezen eta Alberto Nuñez Feijooren arteko debatearen ostean, hauxe irakurri nuen: «Eztabaida horretan hezkuntzaz, mendekotasunaz edo osasunaz baino ETAz gehiago hitz egin zen». Baita ETA desagertu aurretik baino gehiago ere. Are ETA ekinean ziharduela baino gehiago.

PPk berehala konponduko du espainolen zoriontasuna galarazten duen arazo hori, euskal preso ohiak hauteskundeetan parte hartzea debekatu eta EH Bildurekin adostutako legeak indargabetuta. Besteak beste; izan ere, ETA gai konplexua da, batez ere kontuan izanda desagertu ondoren nabarmen hazi dela: euskal independentismo, kultura, hezkuntza eta abarrez gainera, edozer katalana, feminismoa «erradikala» edo langile grebazaleak ere badira; jihadismoa eta Ipar Korea, Arabako Mahastiak, aita santua –susmopean–, le Grand Départ… eta, nola ez, ba, Sanchismoa.

ETA mugagabe horren aurkako neurriak Voxekin batera abiatuko ditu… PSOEk –edo, aukera suertatuz gero, besteren batek– ez badio bakarrik gobernatzen uzten. Voxekin eta ez Voxek behartuta, ordea. Behartuta, Extremadurako presidente andreak jan ditu bere hitzak, bere alderdiak behartuta.

Espainiar eskuinaren eta eskuin muturraren arteko aldea ez da kalitate demokratikoa, jendaurreko jarrera baizik

Espainiar eskuinaren eta eskuin muturraren arteko aldea ez da kalitate demokratikoa, jendaurreko jarrera baizik. Vox ahoan bilorik gabe mintzatzen da, frankismoan haien asaba politiko eta neurri esanguratsuan biologikoak mintzatzen ziren bezala, «jende prestuak» nahi duena ipar. Eta Estatu honetan horrelako jende prestu asko dago, frankismoan gehiengoa zena, apolitikoa, faxismoa boterean bermatzeko ezinbestekoa. Asko dira, baita Euskal Herrian ere, kontu horietan bai, pixka bat asko baita. Dozenaka batzuk ere asko dira, iraultza kontuetan milaka gutxiegi diren era berean, eta Europan barrena dabilen mamurik izatekotan, faxismoarena da.

Hauteskunde kanpaina hasi baino lehen beste hau irakurri nuen egunkari honetan, Beñat Zalduak idatzia: «PPren eta Voxen arteko hitzarmenak ez dira Voxek PPri ezarritako inposizioak, Feijook partekatzen duen programa baizik». Dagoeneko hainbat lekutan indarrean. Ez dakit Espainian oso kontuan duten. Euskal Herrian ere, batzuek behinik behin, ondo kontuan izan beharko lukete.