INFO

Euskotrenen egin dituzten lanuzteek jarraipen zabala izan dutela diote deitzaileek

«Jarraipen zabala eta eragin nabarmena» izan dute Euskotrenen egin dituzten lanuzteek, deitzaileen artean dagoen ELA sindikatuak jakitera eman duenez. Kalitatezko zerbitzua emateko baldintzak eskatzeko egin duten lanuztearen jarraipena %80koa izan dela eta 50.000 erabiltzaileri eragin diela diote.

Euskotrenen unitate bateko artxiboko irudia. (CAF)

Euskotrenen gaur egin dituzten lanuzteek «jarraipen zabala eta eragin nabarmena» izan dute, deitzaileek adierazi dutenez. Independenteak, ESK eta CGTrekin batera, lanuzteak deitu duen ELA sindikatuak jakitera eman duenez, jarraipena %80koa izan da.

«Plantillaren nekearen erakusgarri da hori, langile faltagatik, zerbitzu murrizketengatik eta zerbitzuaren okertzeagatik protesta egin baitute. Guztira, 50.000 erabiltzaileri eragiten dio lanuzteak», adierazi du ELAk.

«Euskotreneko langileek hainbat arazo azaleratu nahi izan dituzte: kalitatezko zerbitzua eskaintzeko behar diren langileen plangintzak eta kontratazioa falta da –geltokietako eguneroko zerbitzuen %25 baino gehiago bete gabe uzten dira–, ibilbideko merkataritza arretarik ez dago, aurreko urteetako gehiegizko orduak ez dira itzultzen, langileen atsedenaldiak murriztu dira... eta jaietako gaueko zerbitzuetan eta zerbitzu berezietan segurtasuna bermatzeko langileak ere falta dira, besteak beste», azaldu du.

«Euskotreneko langileek zuzendaritzari eskatzen diote behar diren kontratazioak egin ditzala zerbitzuan kalitateari eusteko eta tentsio, arrisku eta gehiegizko lan karga egoerak saihesteko. Horretarako, sindikatuekin negoziazio prozesu bat ireki behar da lehenbailehen», aldarrikatu du ELAk.

Euskotreneko zerbitzu guztietan (trenbidea, tranbia, autobusa eta funikularra) deitu dituzte lanuzteak eta arratsaldean berriro egingo dituzte, 18.00etatik 20.00era.