INFO

Laudioko Guardian enpresan ekoizpena gelditu da lanuztearen ondorioz

Laudioko Guardian enpresan ostegun honetan egiten ari diren grebak ekoizpena gelditu du, ELAk azaldu duenez. Autoglas/Glavistan ere mobilizazio eguna dute, lanpostuen defentsan. Manifestazioa egin dute arratsaldean, Guardian-Glavistatik abiatuta.

Guardian eta Autoglaseko langileen kontzentrazioak, ostegun goizean. (ELA)

Mobilizazio eguna dute ostegun honetan, Laudioko Guardian eta Autoglas/Glavista enpresetan.

Goizean goizetik bi lantegietako kideek piketeetan hartu dute parte, eta Guardianeko 24 orduko greba egunarekin bat egin dute. ELA sindikatuaren arabera, jarraipena «erabatekoa» izan da eta ekoizpena gelditzea lortu dute Guardianen.

Bi enpresa horietako langileek elkarrekin kontzentrazioa egin dute eguerdian, bi lantokien etorkizuna berma dadin eskatzeko eta lanpostu guztak defendatzeko, «egoera zinez baita zaila bi enpresetan».

Manifestazioa arratsaldean

Arratsaldean, berriz, elkarrekin manifestazioa egin dute Laudion; 19.00etan abiatu da, enpresen paretik.

ELAk, ohar batean, «benetako konponbideak» exijitu dizkio Guardian multnazional amerikarrari, Autoglaseko lanpostu guztei (240 lanpostu) eutsi ahal izateko.

«Bere esku dago inbertizailearekin akordio batera iristea, horrela fabrika martxan jarri eta lanpostuak bermatzeko», nabarmendu du.

Horrekin batera, multnazionalari «benetako konpromisoak eta bermeak» eskatu dizkio Guardian enpresak Laudion duen lantegiak (180 lanpostu) «etorkizunerako benetako bideragarritasuna izan dezan».