INFO

Langile bat hil da Arrasaten, bihotzeko baten ondorioz

LABek jakinarazi duenez, astelehenean Arrasaten eraikuntza lanetan zebilen gizonezko batek bihotzekoa izan zuen eta horren ondorioz hil egin da. Asteartean, gainera, beste istripu larri bat gertatu zen herrian.

Zamudion maiatzean lan istripu bat salatzeko eginiko elkarretaratzea. (Raul Bogajo | Foku)

Pasa den astean, uztailaren 17an, Arrasateko eraikuntzako lan batzuetan Construcciones Moyua enpresarentzat lanean ari zela gizon batek bihotzekoa izan zuen eta horren ondorioz hil zen erietxean, LABek ostiral honetan jakinarazi duenez.

Egun bat geroago, asteartean, Arrasateko JMA enpresan «lan istripu larria» gertatu zen gainera. «Makina batek langile bat harrapatu eta zauri larriak eragin zizkion gorputzeko hainbat ataletan, baina batez ere aurpegian. Helikopteroz eraman behar izan zuten ospitalera», jakinarazi du.

Bi lan istripu horiek salatzeko LAB, ESK, STEILAS, HIRU eta EHNE sindikatuek elkarretaratzea deitu dute hurrengo asteazkenerako, hilak 26, Arrasateko Udaletxe plazan, 11.30etan.

«Azken honekin, jada 31 dira 2023. urtean lanean hildakoak Euskal Herrian -gogora ekarri du LABek–. Ez da onargarria, 2022an 69 pertsonak lan istripuen ondorioz bizia galdu izana onargarria ez den moduan».

«Betiko arazoek, prebentzio faltak eta produkzioak, langilen osasunari eta bizitzari eragiten die. Patronalak onura ekonomikoak nahi ditu kosta ahala kosta, baina haiek dirua metatzeko dituzten interesak langileen osasunarekin eta ongizatearekin talka egiten du. Eta egoera hau ez da aldatuko arazoaren oinarrizko arrazoiei erreparatu gabe jarraituz gero, hau da, lan-baldintza kaskarrak eta peoi huts eta ordezkagarri gisa erabiltzen gaituen sistema. Langile-klasea horretaz jabetu eta lan-harremanen sistema eta eredua aldatu arte, batzuen irabaziak lehenesten dituen sistema honek jarraituko du, gehienon, langileon, segurtasunaren eta osasunaren gainetik», erantsi du.