Yayoi Kusamaren kalabaza ospetsuen haziak banatuko ditu Bilboko Guggenheim museoak
Uda honetan, Bilboko Guggenheim Museoak opari ezin bereziagoa eskainiko die bisitaririk gazteenei: Yayoi Kusama artistak bere artelanetan iradokitzen dituen kalabazen antzekoak etxean landatu ahal izateko kuia-haziak. Erakusketara bertaratzen diren haur eta nerabeek jaso ahal izango dituzte.
Bilboko Guggenheim Museoak Yayoi Kusamaren kalabaza ospetsuak landatzera gonbidatuko ditu haur eta nerabeak. Haziak uztaila eta abuztuan zehar banatuko dira, astelehenetik ostiralera, guztira dauden 10.000 kalabaza-hazi kitak agortu arte.
Sorta bakoitza landatzeko jarraibideekin dator, eta bertatik ateratako landareari esker, Hong Kongeko M+ museoak Bilboko Gugenheim Museoarekin lankidetzan eta Iberdrolaren babesarekin antolatutako erakusketara egindako bisitaren oroigarri bat izango dute familiek.
‘Yayoi Kusama: 1945etik gaurdaino’ erakusketaren kariaz antolatutako ekimen horren asmoa artista bereziaren espiritu garaikidea etxeko gazteenei hurbiltzea da. Kusama lorez inguratuta hazi zen, bizitza organikoarekin hartu-eman estuan, eta harentzat kalabazak zorionaren sinbolo dira, naturak eragiten dion lilurarenak, baita bere arimarenak ere. Horrexegatik, pertsonak zaindu behar diren modu berean zaindu behar dira haiek ere.
Yayoi Kusama figura berezia da haren ibilbide aitzindariarengatik; izan ere, hirurogeiko hamarkadatik hasi eta gaur egunera arte mugimendu artistiko ugari biltzen ditu. Mundu-mailan benetako kultur ikono bihurtuta, azken zazpi hamarkadetan Kusama bere ikuspegi abangoardistari eskaini zaio uste osoarekin, haren bizi-filosofiaren isla garbia den estetika pertsonala perfekzionatuz. Urriaren 8ra arte gongo da zabailk erakusketa.