INFO

Besarkada erraldoia Euskal Herrira etorri diren Saharako enbaxadore txikiei

Saharako kanpaleku goriak eta gordinak utzita, hilaren 10ean iritsi ziren Euskal Herrira hainbat ume, ‘Oporrak bakean’ programaren baitan. Larunbat honetan ongi etorria egin diete Pasai Donibanen.

Haurrak gozatzen, Pasai Donibanen egin dieten ongi etorri festan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Ongi etorri Saharatik eguzki pusketa bat ekarri duten haurrei, Pasai Donibaneko larunbatari merezi zuen argitasuna emateko. Irribarreak saldoka agertu dira kostaldeko herrira, jada Euskal Herrian diren dozenaka ume sahararren ahotan. Anfitrioi onenak egin die harrera, «ongi etorri!» ozen batekin zabaldu dizkie besoak Porrotxek, besarkada erraldoi bat emanez, Pasai Txarangaren doinuak itzali direnean. Eta ongi etorri, baita, haurroi bi hilabetez etxe bat eta hamaika abentura eskainiko dizkien familiei, haiena bai «eskuzabaltasuna», esan du pailazoak.

Larunbat honetan Pasai Donibanen topo egin duten haurrak joan den asteko astelehenean, uztailak 10, iritsi ziren Euskal Herrira, Mendebaldeko Saharako kanpamenduetaz bi hilabetez atseden hartzeko. Urtero bezala, ‘Oporrak bakean’ egitasmoaren aterpean eta tokian tokiko hainbat elkarte eta familien konpromisoari esker etorri dira gaztetxoak eta gaur ongi etorri festa egin diete Pasai Donibanen, besteak beste, herriko Bixi-Bixi elkarteak eta Udalak antolatuta. Denetarik antolatu dute: tailerrak, jolasak, aurpegi margoketak, bazkaria, apar festa...

Udaleku bi Durangaldean

Hasi da berriz ere txaranga joka eta Oiartzungo erraldoi txikien konpartsak lagunduta, kalejiran eraman ditu haur eta helduak Pasai Donibaneko kale estuetan barrena. Bizkaia plazarako bidean, Sara Goiriarekin egin du topo NAIZek. Kontatu du Durangaldeko Rio de Oro elkarteko kide dela eta Izurtzako abadetxe zaharrean udalekuak antolatzen dituztela haur sahararrentzat. Ezgaitasunen bat duten umeek hartzen dute aterpe eta jolas Izurtzan. Hamar haur etorri dira aurten eta hamabi pertsona dabiltza monitore lanetan, horietako bi Saharatik etorritako emakumeak. «Udaleku baten egiten dena egiten dugu: inguruko jaietara joan, hondartzara joan, izkokiak jan, festak egin...», azaldu du.

Italiara egin behar da elkarte honek Sahararekin eta hango haurrekin eraiki duen harremanaren sorrera topatzeko. «Bi kide Italiara joan ziren eta han Rio de Oro izeneko elkarte bat ezagutu zuten. Ezgaitasuna duten ume sahararrak joaten dira hara, batez ere laguntza terapeutikoa jasotzeko», gogoratu du Goiriak, ondoan duen haurraren eskua askatu gabe. Ideia hartu eta Durangaldera ekarri zuten orain hamar urte.

Festa eta jolasen artean, beraz, medikuarenera bisitak ere maiz egiten dituzte. «Umeak dira eta eskubidea daukate hango 50 graduetatik kanpo uda bat bizitzeko. Hona etortzeko, ondo pasatzeko, ondo jateko. Hauek zaurgarrienak dira, errefuxiatuak izateaz aparte ezgaitasunen bat daukatelako, baina guk egiten duguna da beste edozein umeri bezala, udaleku normalak eskaini», esplikatu du bolondresak.

Udaleku batetik bestera, eskualdetik alde egin gabe. Garazi Etxebarriak Hamadako Izarrak proiektuaren berri eman dio etxe honi. 2015etik, Saharako hamabi umeri –hamabost izaten ziren pandemia aurretik– harrera egiten diete urtero, eta udalekuena bainoago, «familia berezi baten izaera» hartzen du egitasmo honek, Etxebarriak esan duenez. Aurten, lehen aldiz, Zaldibarren daude.

«Nahiko genuke ez izatea beharrezkoa ume hauek Saharatik alde egitea», esan du Etxebarriak, baina Saharako egoeraren gordintasunak ez du beste biderik uzten, agertu du. «48 urtez ari dira errefuxiatuen kanpalekuetan bizitzen eta hango udak oso gogorrak dira. Gerrate egoera batean daude, beraz, familiako egoerak ere baldintzatuta daude, batzuen aita edo nebak frontean daude», azaldu du.

Sahararen goria eta gordina utzita Euskal Herrira etortzen dira haurrok, Hamadako Izarrak elkarteko kidearen esanetan, gero «indarberrituta itzultzeko». Eta gurean daudenean «Saharako enbaxadore txikiak» bihurtzen direla nabarmendu du: «Beraiek erakusten digute hango errealitatea».

Hezitzaile eta sukaldarien artean, 50 bolondres inguru dabiltza Hamadako Izarrak proiektuan. Ez dira gutxi, baina gehiago behar da. «Orokorrean, ‘Oporrak bakean’ programaren baitan gero eta ume gutxiago etortzen dira. Gu bezalako beste hainbat elkarte daude ume talde handiak ekartzen dituztenak, beherakada horri aurre egiteko», ohartarazi du.

Hori dela eta, jendea animatu du parte hartzera, «zeren ez da hainbeste guk haurreri ematen dieguna –zehaztu du–; beraiek gure bizitzetan sartzen dira eta hankaz gora jartzen dute gure bizimodua, zentzu onenean».