INFO

Muga ireki dezaten eskatzeko Poliziaren etxola elkartasun mezuekin papereztatu dute, Pausun

Hainbat hautetsiren sostenguarekin, muga irekitzearen eta migratzaileen aldeko aldarrikapenek hartu dute larunbat honetan Pausuko zubia. Mezu horiek zeramatzaten afixak jarri dituzte ekintzaileek Poliziaren etxolan.

Poliziaz mozorrotutako ekintzaileak, gidariei informazioa banatzen. (Patxi BELTZAIZ)

Urruñako eta Biriatuko auzapezak, Filipe Aramendi eta Solange Demarcq-Egiguren, hurrenez hurren, baita Hendaiako hainbat hautetsi ere presente izan dira larunbat eguerdi honetan Irungo Behobia eta Urruñako Pausu auzoak lotzen dituen zubian migratzaileen alde antolaturiko ekimenean.

Jean-Rene Etchegaray Euskal Elkargoko lehendakaria ere bertaratzekoa zen baina azken uneko eragozpen baten ondorioz Baionan gelditu behar izan du.

Hala ere, Euskal Herria Bai, Frantzia Intsumitua, Berdeak-Europe Ecologie eta Alderdi Sozialistako ordezkariak batu dituen ekimenera batu diren herritarrei haien sostengua helarazi die Ipar Euskal Herriko erakundearen buruak, Aramendik bere hitzartzean nabarmendu duenez.

«Herritarrak eta hautetsiak ildo beretik goaz eta horrela segituko dugu lanean muga behin betiko irekitzea lortu arte», adierazi du gizarte zibileko ordezkarien izenean Aintzane Lasarte Bidasoa Etorkinekin Elkarteko kideak Pausuko zubian ezarritako ‘mugako informazo gunea’ erretiratzeko unea heldu baino lehen.

Poliziaren etxola, aldarriz papereztatua. (Patxi BELTZAIZ)

Hiru ordu laurden eman dituzte poliziez mozorroturiko ekintzaileek Hendaiako hondartzara heltzeko irrikaz zubia zeharkatzen zuten auto gidariei esku-orriak banatzen -ibiltzeko baimen gisara- eta ekimenaren arrazoien inguruko azalpenak ematen. 

«Euskal Herrian errefuxiatuak ongi etorriak dira», azaltzen zuten txantxetako poliziek, gehienetan gidarien irribarrea eraginez, beste sasi-polizia bibotedun batek mugaren informazio gunea zaintzen zuen bitartean. Benetako poliziak, anartean, Pausuko biribilgunetik beha ziren.

Korrikore bat, eta auto-ilara luzeak

Espaloietatik banderolak eta elkartasun mezuak zituzten kartelak astinduz hamarka herritarrek korridorea osatu dute Behobiatik Pausurako norabidean.

Kontrako bidean pasa diren hainbat herritarrek autoaren klaxona sakatu dute, ekimena agurtuz.

Zubia bloketatu ez badute ere, ekintzaileen ‘performarce’ delakoak iraun duen bitartean auto ilara luzeak sortu dira Behobia aldera. Gidariren bat edo beste haserre azaldu da.

«Arazo humanitarioa izateaz gain arazo juridikoa bilakatu da guretzako muga ez den baizik eta zubia honen itxiera», salatu du Urruñako auzapezak.

Antolatzaileen bozeramaileak, bere aldetik, «mugen itxierak giza eskubideak urratzeaz gain bizitzak arriskuan jartzen dituela« oroitarazi du.

Lasartek salatu du Bidasoaldean bederatzi migratzaile hil direla 2021ko urtarrilaz geroztik polizien kontrolek trabatzen duten muga zeharkatzen.

Arazo larri horretaz ohartarazteko uztailaren 22. honetan Pausun burutu duten ‘filtro operazioa’-ri bukaera amateko frantsez poliziek azken hilabetetan aski abandonaturik zubian duten etxola migratzaileen aldeko elkartasun leloekin paperatu dute herritarrek.

Gerald Darmanin Barne ministroaren potreta, berriz, etxola ondoko komunaren atean ezarri dute.

Muga ireki arte, herritarrek eta hautetsiek eskuz esku lanean jarraitzeko engaiamendua berretsi dute Pausuko zubian antolaturiko ekintza berezi honen amaieran.