INFO

NAIZ Irratiak Tour de Femmes-eko zuzeneko kontakizuna egingo du

NAIZ Irratiak Tour de Femmes lasterketaren zuzeneko kontakizuna egingo du, bihartik hasita hurrengo iganderaino. Larunbatean izango da saiorik bereziena. Van Vleuten eta Demi Vollering dira Tourra irabazteko hautagai nagusiak. Euskal txirrindulari bakarra irteeran Ane Santesteban izango da.

Van Vleuten Movistarreko txirrindularia, iazko Tourreko podiumean. (Jeff PACHOUD | Europa Press)

Gizonezkoen Tourra amaitzen den egun berean hasiko da emakumezkoena: Tour de Femmes. Gizonezkoetan egin antzera, NAIZ Irratiak emakumezkoaren jarraipena ere egingo du, iaz bezala. Igande honetan 14.00etatik 16.00etara entzun ahalko da Tour de Femmes-eko zuzeneko kontakizuna NAIZ Irratian, eta, segidan, ohiko ordutegian, gizonezkoen azken etaparen kontakizuna egingo da; 16.00etatik 18.00etara. Gainontzeko egunetan Tour de Femmes-en jarraipena 16.00etatik 18.00etara izango da.

Iñigo Asensio eta Julen Goikoetxeak gidatuko dute saioa, lantalde zabalarekin. Besteak beste, Aitor Ayerza, Ainhoa Artolozabal, Ana Usabiaga, Andoni Mateos, Naia Amondarain eta Iñaki Murua.

Hurrengo larunbatean izango da saiorik bereziena; batetik, Tourmaleteko mendate historikoa igoko dutelako, eta, bestetik, Donostiako Klasikoa larunbatean izango delako eta horren kontakizuna ere egingo dutelako. Egun horretan 15.00etan hasiko da.

Tourmaleteko mendatea eta erlojupekoa

Tourreko aro berriko bigarren aldi hasiko da bihar, eta hilaren 30ean amaituko da. Zortzi etapa izango ditu eta, iazkoarekin alderatuta, hauexek dira berritasunak: Parisen abiatu ordez, Clermond-Ferandik hasiko dira, Tourmaleteko mendatea igoko dute azken aurreko etapan, eta erlojupekoa izango da azken etapa, Pauen.

Tropelak 956 kilometroko ibilbidea egingo du, eta maillot horia irabazteko hautagai nagusia Annemiek Van Vleuten (Movistar) da. Herbeheretarrak erretiroa hartuko du denboraldi amaieran, eta punta-puntan jarraitzen du oraindik ere. Aurten Espainiako Vuelta eta Giroa irabazi ditu, eta begiz jota du Tourra. Izan ere, iaz azken hiru lasterketa horietan gailendu zen, eta aurten ere hori errepikatzen ahaleginduko da, hamasei urteko ibilbideari amaiera borobila emateko.

Van Vleuteni itzala egin diezaioken txirrindulari bakarra Demi Vollering (SD Worx) da. Vollering sasoi ezin hobea egiten ari da Strade Bianche, Amstel Gold Race, Fleche Wallone eta Lieja-Bastogne-Lieja irabazita.

Bi herrikideak aurten aurrez aurre egon diren itzuli handi bakarrean, Espainiako Vueltan, Van Vleuten gailendu zen. Itzulian, ordea, hiru etapetakoa izan arren, Volleringek aurrea hartu zion; Movistarrekoa bosgarren geratu zen, eta SD Worxekoa bigarren. Haren taldekide Malen Reusser (SD Worx) izan zen lehena. Lehia estua espero da bi hautagai nagusien artean.

Euskal txirrindulari bakarra irteeran Ane Santesteban (Jayco) izango da. Errenteriarrak lehen aldiz korrituko ditu sasoi berean Giroa eta Tourra. Italiako lasterketan hamargarren postuan amaitu zuen.

Txinparta, bigarren etapatik

Lehen etapan tropelak 123,8 kilometroko ibilbidea egingo du, eta, hasiera batean, Tourra irabazteko faborito nagusiek egun lasaia izango dute. Lehen aukera izan daiteke esprinterrentzat, ihesaldia helmugara ez bada iristen, behintzat. Bigarren egunean etapa menditsua izango da, sei mendate igo beharko dituzte, eta litekeena da sailkapen nagusiko lehen diferentziak hor egitea.

Hirugarren etapa, berriro ere, esprinterrentzat aproposa izango da, eta, laugarrenean, berriz, hautagai nagusien artean mugimenduak egon daitezke. Izan ere. etapako azken 60 kilometroetan gora eta behera ibiliko da tropela, eta bukaeran Rodezeko helmugaraino jaitsi beharko dute.

Bosgarren eta seigarren etapak pixka bat arnasa hartzeko izango dira, bereziki faborito nagusientzat. Inork txinparta piztu nahi ez badu, behintzat. Are gehiago, jakinda zazpigarrenean Tourmalet (17 kilometro %7,3an) mendatea igo beharko dutela. Azken aurreko etapa hori izango da mendiko nagusiena, eta hor indarra duenak, aurkariekiko tarteak handitzeko aukera ezin hobea izango du. Etapa gogor horren ondoren, Tourreko azken etapa korrituko dute: 22 kilometroko erlojupekoa.