Diputatu bat galdu arren, EAJ Madrilen «erabakigarria» izango dela adierazi du Ortuzarrek
Andoni Ortuzar EBBko presidenteak «balantze ona» egin du bere alderdiak hauteskundeetan lortutako emaitzen inguruan, nahiz eta diputatu bat galdu duten, eta EAJren botoak «erabakigarriak» izango direla aldarrikatu du. Hego Euskal Herrian
EAJ hirugarren indarra izan da Hego Euskal Herrian igande honetako hauteskundeetan, PSE eta EH Bilduren atzetik; EAEn, berriz, bigarren indarra izatera igaro da, PSEren atzetik. Sei diputatu zituen espainiar Kongresuan azken legegintzaldian eta bat galdu du, bostekin geratuta.
Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak, hala ere, «balantze ona» egin du bere alderdiak lortu dituen emaitzen inguruan. Agerraldia egin du Sabin Etxean, Iñigo Urkullu lehendakaria, Itxaso Atutxa BBBko presidentea, Aitor Esteban eta beste hautagai batzuez lagunduta.
Pozik mintzatu da jeltzaleen burua hauteskunde hauetan izan den «polarizazioaren erdian» bere alderdiak talde parlamentario propioa izango duelako. Bere esanetan, horrek aukera emango dio EAJri «Madrilen berriro ere euskal ahotsa izateko, euskal interesak eta gure autogobernua defendatzeko».
Esan du «polarizazio hain handi horrek» kalte egin diela jeltzaleei eta hauteskunde hauetatik «aritmetika parlamentario oso konplikatua» atera dela nabarmendu du. Nolanahi ere, jeltzaleen botoak «erabakigarriak» izango direla uste du Ortuzarrek, eta «erantzukizunez kudeatuko» dituztela erantsi du, «Euskadiko herritarren interes eta eskubideen zerbitzura» jartzeko.
«Beti izan dugun erantzukizunarekin kudeatuko ditugu, eta Euskadiren defentsaren binomioa uztartuko dugu, alde batetik, eta printzipio demokratikoak sendotzea eta horietan aurrera egitea, bestetik», adierazi du.