INFO

EH Bildu aukeratu du Gipuzkoak ultraeskuinari murrua ezartzeko eta konfiantza galdu du EAJk

M28an emandako saltoari beste koska bat gehitu dio EH Bilduk. 116.414 boto jaso ditu, hirugarren postura amildu den EAJk baino 32.076 gehiago. PSEren emaitza onek saria izan dute: aulki bat gehiago izango du Kongresuan. Hala, bina diputatu izango dituzte hiru taldeok. [Gipuzkoako emaitzak hemen]

Mertxe Aizpuruak eutsi egingo dio Madrilgo Kongresuko eserlekuari. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Gipuzkoak hauteskundez hauteskunde erakutsi ohi duen joera abertzalea mantendu du, baina zertxobait apalduta eta lehentasunen ordena guztiz iraulita: 2019ko azaroan EAJ izan bazen boto gehien batu zituen alderdia, U23 honetan EH Bilduk jaso du babes gehien, maiatzeko Foru eta Udal hauteskundeetan hartu zuen bulkadarekin beste koxka bat igota. Koalizio abertzalea izan da, halaber, gehien hazi den taldea (%5,42).

Bi familia abertzaleek (EH Bildu eta EAJ batuta) 200.752 boto lortu dituzte, 2019an baino 14.960 gutxiago. Baina, oraingoan, koalizio subiranistaren zakuak pilatu ditu paper gehienak, alde handiz. 116.414 boto lortu ditu (%31,26), 2019an baino 17.463 gehiago eta jeltzaleak 32.076 bototan gaindituz.

Sorpassoa, gainera, bikoitza izan da. Emaitza oso onak lortu ditu Eneko Anduezaren taldeak, EAJ gainditzeraino, 2019an baino 17.369 paper gehiagorekin. Guztira, 86.711 gipuzkoarrek babestu dituzte sozialistak (%23,28).

EAJk, berriz, zurrustaka galdu ditu botoak: 2019ko azaroan baino 32.423 gutxiago lortu ditu, 84.338 guztira (%22,65). M28an zigortu egin zuten herritarrek eta, oraingoan, are gehiago: boto portzentajeari begira, %3,55eko galera izan zuten maiatzean, %7,84koa oraingoan (%4,29 handiagoa).

Hautesleek ez diote konfiantzarik eman ultraeskuinari ateak ixteko giltzarri ziren hauteskundeetan. Gipuzkoako Aldundia mantentzeko PPren botoa erabiltzeak, edo Alberto Nuñez Feijoori keinuak egiteak, agian, izango zuen zerikusia horretan.

Hala, azalberritzeak ez dio lagundu Sumar taldeari botoak biltzen. Are, Podemosen itzaletik herrestan segitzen du, hauteskundez hauteskunde babesa mehartuz: 57.363 bototik (2019) 39.435ra (%10,59) erori da igande honetako bozetan.

EH Bildu eta PSErekin batera, PPk ere emaitzak hobetu ditu, 2019ean lortutakoen aldean: 32.033 boto-paper lortu ditu (%8,60), 8.414 gehiago. Hala ere, eskuinak ez du eserlekurik okupatuko Kongresuan.

Boto-saldoetan izandako aldaketak, ez du hainbesteko eraginik izango Kongresuko eserlekuen banaketan. Bi diputaturekin jarraituko dute EH Bilduk (Mertxe Aizpurua eta Jon Iñarritu) eta EAJk (Maribel Vaquero eta Joseba Agirretxea), eta bi izango ditu PSEk (Rafaela Romero eta Maria Luisa Garcia) ere, bat gehiago lortuta. Hiru talde horiek izan dira ordezkaritza lortu duten bakarrak, Pilar Garridok galdu egin baitu Podemosek –orain Sumar– zuen aulki bakarra.

Senatua, alderantziz

Senatuan, ordea, egoera irauli egingo da. Hiru ordezkari izango ditu EH Bilduk, eta Gorka Elejabarrietarekin batera, Olaia Duartek eta Mario Zubiagak egingo dute ganbera batera. Hala, bere ordezkaria galduko du EAJk eta PSEko Izaskun Gomezek hartuko du bere tokia.