INFO

Leon erregea esnarazi ondoren haien egun handiari zukua atera diote haurrek Baionan

Txistulari eta gaiteroen dianak iratzarri du lehen besta gauaren ostean berriz ere oinak lurrean jartzeko zailtasun frango erakutsi duen hiria. Emozioz beteriko egunaren iragarle, entzierro txikian zangoak astindu ondoren milaka eztarrik oihuka esnarazi dute Leon erregea.

Leon erregearen iratzartzean milaka haur eta guraso bildu dira, zikanteen konpainian. (Patxi BELTZAIZ)

Betisoa peñak eskainitako txokolateak energia emateaz gain ausardia hartzeko balio du, nonbait.

Basokada edan ostean dozena erdi bat zezen zirikatzaileei aurrez aurre begira aritu delako Baionako lehen entzierro txikian parte hartu duen haur tropela.

San Andresetik atera dira Ardukari ganadutegian hazitako gurpildun zezenak eta Jacques-Portes plazan amaitu den ibilbidean lasterketa arriskutsuak ez dira falta.

Adarkadarik ez baina, haur anitz zirenez, bultzadaren bat edo beste pairatu duten Fermin santua baino Leon Erregea patroi handitzat duten korridore baionarrek.

Astearte gauean, Askatasun plazan Tafallako erraldoiak Leon erregearen gortean bete betean sartu ziren.

Aurten lehen aldikoz Baionako Harmoniaren doinupean ziganteak dantzan ikusi ziren Lapurdiko hiriburuan 'Behin izaten ziren bestak' ikusgarria kari.

Horrendako, zangoak errodatuta zituztela ekin diote Oroi Bai konpartsako zikanteek gortearen gaiteroek bezala garbiketaz arduratzen udal langileen lehenagotik txukundutako karriketatik igaro den ibilbideari, Askatasun plazara heldu arte.

Eguerdian galdu ezinezko hitzordua baitzuten baita danbor joleek ere.

Ordurako eztarriak aski urratuak zituzten haur askok, Herriko Etxeko balkoiari begira «Altxa Leon, altxa» agindua hamaika aldiz oihukatu ondoren.

Urte osoa deskantsuan eman ondoren hala eta guztiz ere, alferkerietan ibili da Baionako erregea.

Izan ere, plazara bertaratu den Aviron taldeko maskota, 'Pottoka', pazientzia galtzen hasia zelarik, behingoz kortinak ireki dira eta panpina erraldoia azaldu zen udaleko balkoian lehen agurra egitera plaza betetzen zuten haurrei. Hura algara !

Horrela, guraso edota aitatxi-amatxiren konpainian bestazale txikiek erritoa bete dute, handik aurrera haien egun handiaren karietara antolaturiko hamaika aktibitatez gozatzeko parada ukan dutela uztailaren 27 honetan.

Gaia elkartearen jokoak, Patxa plazan

1996ko bestetan ospatzeari ekin zioten Haurren Eguna kari prestaturiko jokoak egin dituzte besta alternatiboen programaren baitan, 13.00tik landa, Gaia elkarteko lagunek.

Besta eredu euskaldun, herrikoi eta feminista bultzatzeko xede duen egitaraua horren baitan bertakoen miresmena, baita Euskal Herritik kanpo heldutako bisitarien harridura ere, sortu du arratsaldean plaza hartu duen herri kirolen erakustaldiak.

Bestalde, Poterna eremuan 5.000 harrendako harrera antolatu dute 120 bolondresek, eta, urtero bezala, zaldi-maldikoez gozatzeko aukera baliatu dute, baitaere, gaztetxoek.

Manexen feria iazko eremu berdinean kokatu dute aurten ere. Bestak hasi aitzin, astelehenean zehazki, Boufflers etorbidean, Reduit plazan eta Saintespiritu zubiaren behealdean ezarri zituzten zaldiko-maldikoak. Asteazkenean ateak zabaldu ostean martxan izanen dira igandera arte.

Noiz goaz manexetara?

Feriaren kokapenak eztabaida pizten du aldiro, auzoek harrabotsa dela eta kexak azaltzen dituztelako.

Hala ere, manexen feriari buruz ari garela kokapen aukerak murriztu dira jai eremuan sartzeagatik dirua ordainaraztea erabaki zenetik. Baldintza nagusia baita ordainpeko eremutik kanpo ezartzea manexak.

Ika-mika horietatik urrun, haien egunari zuku guztia atera diote gaur bestazale txikiek.

Iluntzetik erreleboa eman diete tamaina handiko bestazaleek ere, berdin Paul-Berten zein Patxa plazan antolaturiko kontzertuen erritmoan bigarren gaualdian sartzeko parada dutela.

Ostiralean, elkarteen egunarekin, ordaindupeko denboran sartuko dira Baionako bestak.

Goizeko 10etatik aitzin 12 euroko eskumuturra beharko dutelako erakutsi baionarrekin batera besta egiteko asmoa duten 16 urte gorako bisitari guztiek.