INFO

«Aste Nagusi inklusiboenaren» egitaraua aurkeztu du Donostiak, 300 ekintza baino gehiagorekin

Abuztuaren 12tik 19ra ospatuko den Donostiako Aste Nagusian «adin eta gustu guztientzako» 300 doako ekintza baino gehiago egongo dira. Aspaceko erabiltzaile eta senideak izango dira protagonistak, Gipuzkoako Argazkilari Elkartearekin batera abestuko baitute ‘Artillero’, jaiari hasiera emanez.

2023ko Donostiako Aste Nagusiko egitaraua aurkeztu dute Eneko Goia alkateak eta Jon Insasuti kultura zinegotziak. (Jagoba Manterola | Foku)

2023ko Donostiako Aste Nagusian «guztientzako» ekintzez osatutako egitaraua aurkeztu dute ostiralean, uztailak 28an. Eneko Goia Donostiako alkateak eta Jon Insausti Kultura zinegotziak aurkeztu dute 312 ekintzaz osaturiko aurtengo egitaraua. Kirolarekin eta kulturarekin loturiko adin guztietarako ekintzak izango direla adierazi du alkateak.

Aurtengo Aste Nagusiari hasiera emateko arduradunak Aspaceko erabiltzaileak eta senideak eta Gipuzkoako Argazkilari Elkartea izango dira. Aspacek, garun-paralisiaren arreta eskaintzen duen erakundeak, 50 urte bete ditu 2023. honetan eta Gipuzkoako Argazkilari Elkartearen 75. urteurrena ospatuko dute bere kideek Artillero abesten. «Abuztuaren 12an, 19.00etan, historiako Aste Nagusi inklusiboenari hasiera emango zaio», adierazi du Goiak.

«Aste Nagusiak desgaitasuna duten pertsonek disfrutatzeko 102 jarduera izango ditu», gehitu du Eneko Goiak. Horretaz gain, jakinarazi dute 11n, 16an, 18an, eta 21ean 16.30tik 18.30era musika itzaliko dutela, autismoa duten pertsonek ere «feriekin disfrutatzeko».

Orotara, 312 ekintzaz osatuta dago aurtengo egitaraua, «klasikoz eta nobedadez» osatuta. Insaustik su artifizialak nabarmendu ditu, egunero 22.45etik aurrera «jaien protagonista» bilakatuko direnak. Horretaz gain, Holi Fest-a, Kursaaleko txirristak ere «arrakasta handia» izango dutela adierazi du Kultura zinegotziak. Azken hau aurreko urtean jarri zuten lehen aldiz.

«Urtero bezala, gastronomia eta kirolak protagonismo handia izango dute aste osoan zehar», adierazi dute. Sukaldaritzako bost lehiaketa zehaztuta daude egitarauan, eta gehienetan parte hartzeko plazak agortu egin direla jakinarazi dute.

Horretaz gain, hainbat Euskal Herriko baserriko produktuen merkatuak eta kirolzaleentzako ekintzak izango direla jakinarazi dute. «Donostiako Festakek antolatutako programak protagonismoa ematen jarraitzen die emakumeei, duela gutxi arte gizonezkoentzat ziren jardueratan», adierazi dute. Uliako harria, Pilotako Master Cup txapelketa edo Urumeako estropada dira horren adibideak.

Kontzertuei dagokionez, aurtengo Aste Nagusian adierazi dute garrantzia eman diotela «bertako taldeek» bere txoko izateari. Hori dela eta, En Tol Sarmiento, Huntza, Gari & Maldanbera, El Drogas edo Bulegoko Sagueseko eszenatikotik pasako direla jakinarazi dute.

Donostiako Piratek ere aurtengo kartela argitaratu dute, Flamenkako gunean eta Trinitate plazan antolatu dituzten ekintza anitzekin. Aste osoan zehar, bertso saioak, afariak eta kontzertu ugari antolatu dituzte Donostiako Piratek.