INFO

Emmy sariak datorren urtera arte atzeratu dituzte, aktoreen eta gidoilarien grebagatik

Irailaren 18an banatzekoak ziren Emmy Sariak urtarrilera atzeratuko dituzte Hollywoodeko aktoreen eta gidoilarien greba dela eta. Oraindik ez dute data zehatza adostu baina aktoreen eta gidoilarien sindikatuek akordio batera iritsi arte ez dute egin nahi.

Aktoreen eta gidoilarien grebagatik Emmy Sarien banaketa atzeratu egin dute. (Robyn BECK | AFP)

Telebista Akademiak eta Fox kateak Emmy Sarien banaketa ekitaldia 2024ko urtarrilera atzeratzea erabaki dute, aktoreen eta gidoilarien sindikatuak egiten ari diren greba dela eta, AEBetako prentsak ostiral honetan jakitera eman duenez.

‘The Hollywood Reporter’ hedabide espezializatuak jakinarazi duenez, Emmy Primetime izeneko urteroko sariak, irailaren 18rako aurreikusita zeudenak, urtarrilerako birprogramatzen ari dira, baina oraindik ez dago behin-behineko datarik.

Aldizkariak sarien programaziotik gertu dauden iturriak aipatzen ditu, eta jakinarazi du «idealki» Emmy Sarien 2023ko edizioa ez dela egingo Estatu Batuetako Aktoreen Sindikatuak –SAG-AFTRA, ingelesez– eta gidoilariak Zinema eta Telebista Ekoizleen Aliantzarekin akordio batera iritsi arte.

«Telebista Akademia eta Fox katea elkarrizketetan ari dira oraindik, ekitaldia noiz birprogramatuko den zehazteko», ziurtatu du ‘The Hollywood Reporter’-ek.

‘Variety’ aldizkariak ere jakinarazi du dagoeneko atzerapenaren berri izan dutela galaren antolaketan parte hartzen duten zerbitzu hornitzaileek.

Aktoreen eta gidoilarien gremioek beren afiliatuei eskatu diete grebak irauten duen bitartean ez dezatela egin egindako lanaren publizitaterik, horrek eragin handia izango lukeelako bai aurkezleengan, bai gonbidatuengan eta baita sarituengan ere.

Aldizkariak gogorarazi duenez, iaz banatutako 25 sarietatik 16 aktore eta gidoilarientzat izan ziren.

Emmy sarien atzerapen hau lehena da Telebistaren Arte eta Zientzien Akademia Nazionalak (NATAS) eta CBS kateak 2001ean azaroaren hasierara arte atzeratu zutenetik, urte horretako irailaren 11ko atentatuen ondorioz.

Lehenengoa 60 urtean

Grebak, azken sei hamarkadetan aktore eta gidoilariek aldi berean egindako lehenengoak, ekoizpenak, filmaketak eta promozioa bertan behera uztera behartu du.

Antzezleek adimen artifiziala arautzea, «streaming» zerbitzu batek ekoizpen baten eskubideak merkatu berri bati saltzen dizkion bakoitzean jasotzen dituzten konpentsazioen ordainsari altuagoak eta gutxieneko soldataren igoerak eskatzen dituzte., besteak beste.