INFO

Euskadiko Pilota Federazioak lau puntutan oinarrituko du bere onarpenaren defentsa Mexikon

Enaitz Olaeta, Bizkaiko Federazioko presidenteak, emango duen hitzaldian arrazoi identitarioak, lehiakortasuna, ekonomia eta alderdi legalak erabiliko ditu batzarkideak konbentzitzeko.

Euskal selekzioaren aldarria Biarritzeko Munduko txapelketara ere heldu zen. (François BERLAND)

Uztailaren 29a egun historikoa izan daiteke euskal pilotarentzat eta kirolarentzat, Euskadiko Euskal Pilota Federakuntza Nazioarteko Euskal Pilota Federazioko eskubide osoko kide izan baitaiteke, Mexiko Hirian egingo den ezohiko batzarrean erakunde honek bere estatutuak onartu eta euskaldunak onartzen baditu.

Enaitz Olaeta, Bizkaiko pilota federazioko presidentea, izango da batzarraren aurrean euskaldunen proposamenaren defentsa egingo duena eta, aurreratu dutenez, EEPF-k egindako eskaeraren defentsa lau puntu nagusitan oinarrituko da.

Lehena identitarioa litzateke. EEPF-k dioenez, «euskal gizarteak, bere arbasoek asmatutako kirol batean, ofizialki ordezkatua izatea nahi du. Kirol hau aspalditik daramagu odolean, eta uste dugu eskubide osokoa dela aitzindari horiek eta, oro har, euskal gizarte osoa ofizialki ordezkatu ahal izatea gure izena daraman nazioarteko erakunde batean. Elkartasuna, errespetua, etika, erantzukizuna, inklusioa, zintzotasuna eta tolerantzia dira gure gizartearen, federazioaren eta gure kirolari eta teknikarien nortasun-ezaugarriak».

Bigarren ardatz bezala lehiakortasuna izango dute. «EEPF beste hiru lurralde-federaziok osatzen dute (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa) eta guztien artean 200 klub eta 6.200 kirolari baino gehiago dituzte. Hori dela eta, NEPFak antolatzen dituen nazioarteko txapelketetan, Euskal Pilotako espezialitate guztietan parte hartuko lukete, kategoria absolutuan zein gainerako kategorietan. Honek, txapelketa horien lehia-maila handitzea ekarriko luke, eta, ondorioz, ikuslearentzako erakargarriagoak izango lirateke».

Arrazoi ekonomikoak

Arrazoi ekonomikoak ere ikusten dituzte balizko euskal selekzioaren onarpenaren atzean. «Bere ingurunearekin konprometitutako gizarte bati esker, Euskal Herria lurralde aurreratua, modernoa eta ahalmen ekonomiko handikoa da. EEPF NEPFan sartzeak Euskal Pilota nazioartean bultzatzea ekarriko luke, eta NEPFko kide guztiek jasoko lukete horren onura.

Horrez gain, frontoi, trinketa, plaza eta teknifikazio zentro ugari ditugu Euskal Pilota praktikatzeko, NEPFko kide guztien zerbitzura egon daitezkeenak. Bizkaian (Euskal Herria) egoitza izango duen 2030ko Euskal Pilotako Munduko txapelketa da gure kirola nazioartean sustatu nahi dugunaren adibiderik garbiena (oraingoz ofizialki ordezkatua ez egon arren) eta gure inklusioarekin, Euskal Pilotako Munduko txapelketak, orain arte ikusi ez den maila hartuko luke».

Eta azkenik, orain aurkezten duten proposamenak babes legala izango lukeela nabarmenduko dute, Espainiako kirolaren 39/2022 lege onartu berriak hala bermatzen duelako bere 48. artikuluan.