INFO

Sarina Wiegman: Iazko Eurokopaz geroztik, modako entrenatzailea

Herbehereetako selekzioarekin 2017an, eta, iaz, Ingalaterrakoarekin, arrastoa utzi du Sarina Wiegmanek (Haga, Herbehereak, 1969), biekin Eurokopa irabazita. Bere itxura serioaren atzean, jokalariei mezuak helarazten entrenatzaile trebea da. Orain, Londresko selekzioarekin, Munduko Koparen bila doa.

Sarina Wiegman Ingalaterrako selekzioko hautatzailea Australia eta Zeelanda Berriko Munduko Kopako lehen partidan, Haitiren aurkakoan. (Nigel KEENE | FOKU)

Ile bildua, betaurreko klasikoak eta jaka dira bere itxuraren hiru ikur. Irudi horren atzean ezkutatzen da Sarina Wiegman Ingalaterrako hautatzailea, azken urteotako entrenatzailerik onena –FIFAk hiru aldiz eman dio entrenatzaile onenaren saria: 2022an, 2020an eta 2017an. Eta bigarren (2018) eta hirugarren (2019) ere geratu zen–. Aurpegi serioa du, adierazkortasunik gabekoa. Baina hori kanpotik helarazten duena da. Barrutik, ordea, bere ideiak jokalariei zuzenki helarazten maisua da. Eta hori da bere arrakastaren gakoetako bat.

«Taldean giro ona izatea ezinbestekoa da. Jokalariei nola sentitzen diren galdetu behar diezu, haiekin hitz egin zelai barruan zein kanpoan, haiekiko interesa izan. Pertsona bakoitza desberdina da eta egokitu egin behar zara. Feedback-ik ez badago, jokalariek ezin dute aurrera egin», adierazi duen Wiegmanek England Football Learning Youtubeko kanalean iaz egin zioten elkarrizketa batean.

Bere jokalariei askatasuna ematen die futbolean erabakiak hartzeko, betiere oinarri batzuen baitan. Herbehereetako entrenatzaileak esan ohi du «akatsak egitea ezinbestekoa» dela, «ikasten jarraitzeko». «Jokalariei burua eraginarazi behar diezu, pentsa ditzatela hartu dituzten erabakiak. Orduan sortzen da eztabaida, eta segituan ulertzen dute. Zerbait hitzez hitz esaten diezunean baino gehiago ikasten dute horrela».

Estilo propioa, eta nortasuna

Estilo propioa du, eta ez da itsutzen modu batera jokatzearekin. Partida bakoitzean era batera edo bestera jokatzeko duen malgutasuna da bere zigiluetako bat. Baloi jabetza luzeak edota trantsizio azkarrak. Iaz Ingalaterrarekin Eurokopan jokatu zuen horrela, eta garaikurra altxatu zuen: txapelketa irabazi zuen partida guztietan gailenduta, eta sailkapeneko azken fasean gol errekorra eskuratuta (22). Hori, hamaikako bera zelairatuta neurketa guztietan.

Eurokopa horretan bere arrastoa utzi zuen: Ingalaterrako selekzioak aurreneko aldiz altxatu zuen Eurokopa, eta herrialdean 1966tik ez zuten ospatzen halakorik, gizonezkoen selekzioak Munduko Kopa irabazi zuenetik, alegia. Horrez gain, lehen entrenatzailea bilakatu zen Eurokopa bi herrialderekin irabazten –2019an Herbehereekin egin zuen–, eta lehena ere, bere herrialdea ez den beste selekzio batekin garaikurra irabazten.



Estilo propioa, eta nortasuna ere baduela erakutsi du Wiegmanek. Herbehereetako selekzioarekin, 2017ko Eurokopa historikoan, Wiegmanek Mandy van den Berg kapitaina ez zuen sartu txapelketa horretako 23 jokalarien multzoan. Horrek esanahi bat zuen: irabaztea sentimentalismo ororen gainetik zegoela. Ingalaterran ere horrelako erabaki bat hartu zuen. Steph Houghton selekzioko kapitainari besokoa kendu zion lesionatuta zegoen bitartean, eta, gerora, Eurokopara ez zuen eraman.

Orain, bere lehen Munduko Koparen bila joango da, baita Ingalaterrarena ere. Gertuen 2019an egon zen, Herbehereekin, AEBen aurka 2-0 galdu zuen finalean. Australiako eta Zeelanda Berriko Munduko Kopako lehen neurketan Londresko selekzioak 1-0 irabazi zuen Haitiren aurka markagailu estuarekin. Gaur izango du hurrengo erronka: Danimarkaren aurka ariko da 10.30ean.

Lehen pausoak, Herbehereetan

Wiegman entrenatzaile izan aurretik futboleko jokalaria ere izan zen. AEBetako unibertsitateko ligan jokatu zuen 80ko hamarkadaren amaieran, North Carolina Tar Heels taldearekin. Bertan I Division mailako garaikurra irabazi zuen, Mia Hamm eta Kristine Lilly amerikako futboleko mitoekin batera.

Herbehereetako selekzioarekin jokalari gisa inork lortu ez zuena eskuratu zuen: 2001ean Herbehereetako lehen jokalaria izan zen 100 aldiz hautatua izan zena herrialdeko selekzioarekin jokatzeko, emakume zein gizonetan.

2003an erretiroa hartu zuen, eta 2006an egin zuen jauzi aulkietara. Herbehereetako Ter Leede eta ADO Den Haag taldeekin garaikurrak eskuratu zituen, eta horren ondotik, Herbehereetako selekzioak fitxatu zuen, 19 urtez azpiko taldeko entrenatzailearen laguntzailea izateko.

2015ean bi hilabetez Herbehereetako ordezko hautatzailea izan zen, posturako norbait izendatzen zuten bitartean. Urte bat geroago, herrialdeko futbol profesionaleko lehen emakumea izan zen gizonezkoen talde batean laguntzaile moduan sartzen zutela. Rotterdamgo Spartaren harrobiko taldean izan zen.

2016an Herbehereetako hautatzaile izateko kargua hartu zuen. Urte bat geroago lortu zuen balentria: 2017an Herbehereek haien lehen Eurokopa altxatzea, etxean jokatuta. 2019an Munduko Kopako finalera ailegatu zen, baina AEBen aurka 2-0 galdu zuen.