Espainiar presioek Euskadiko Pilota Federazioa onartzeko bozketa blokeatzea lortu dute
«Pilotaren mundua batuta izatea lortzeko» 12 ordezkarik babestu dute Nazioarteko Federazioak batzarreko gai ordeneko puntu bakarra bertan behera uzteko aurkeztutako proposamena.
Euskadiko Pilota Federazioak itxaron egin beharko du Nazioarteko Federazioko kidetzat onartzen duten edo ez jakiteko, proposamenak federazio desberdinen artean sortutako liskarrak ekidite aldera, gaur Mexikon egitekoa zen bozketa bertan behera utzi baitute, azken egunetan bereziki Espainiako Federazioak han egindako presioen ondoren. Estatutuak aldatu eta Euskadiko Federazioa kide bezala onartu edo ez zen deitutako ezohiko batzarreko puntu bakarra, baina Nazioarteko Federazioak puntu hau gai zerrendatik ateratzea proposatu du, hau da, batzarra edukiz hustea, eta aho batez, bertaratutako 12 federazioen babesarekin, proposamenak aurrera egin du. Zabaldutako dokumentu batean, erabakia «pilota mundua batuta mantentzeagatik» hartzen dela nabarmentzen da.
Antza denez, gaurko batzar orokorraren aurretik Mexikon federazio desberdinen artean izandako bileretan desadostasun handiak izan dira erabakiaren inguruan. Jakinekoa da Xabier Cazaubon baionarrak, Nazioarteko Federazioko presidenteak, bere idazkari kargutik kendu zuela Julian Garcia Angulo, Espainiakoaren presidentea, bere aurka eta bozketaren aurka sare sozialetan egindako presioagatik. Beraz, adostasun zabalago baten esperoan, bozketa epe berririk gabe atzeratzea erabaki zuten.
Enbil, zuhur
Erabakiak epel samar utzi zituen Euskadiko Pilota Federazioko ordezkariak, eta adostasun zabal hori lortzeko bidean jarraituko dutela berretsi dute. «Enaitz Olaeta dago han, eta bere bitartez jakin dugu bozketako puntua gai zerrendatik atera dutela eta azkenean ez dela bozkatu. Badirudi egun hauetan bilduta egon diren federazioen artean ez dagoela adostasun nahikorik eta pilotaren hobe beharrez erabaki da hau gai ordenatik ateratzea eta berriro adostasun horren bila lanean jarraitzea. Prozesuak bizirik segitzen du, guk lanean jarraituko dugu, eta espero dugu denbora gutxian adostasun hori lotu eta gure helburua lortzea», azaldu du Gotzon Enbilek, Euskadiko Federazioko presidenteak.
Esan bezala, balorazio bat egiterakoan ez hotz ez bero agertu da zumaiarra. «Balorazioa? Segun nola hartzen duzun, baiezkoa irten izan balitz, ba, gaurkoa albiste txarra litzateke, baina ezezkoak irten balu agian okerragoa izango zen –bi urtetan ezingo litzateke beste bozketa bat egin–, desadostasunak baitaude, eta pilota munduarentzat ez zen ona izango desadostasun horiek egotea. Orduan, nik uste dut han egon direnek dakitela zein desadostasun izan diren. Hobe da lanean jarraitzea eta hau denon edo gehiengo zabal baten adostasunarekin egitea. Gerora ere pilotarentzat hoberako izango da, eta lanean segituko dugu, ea ahalik azkarren gure helburua lortzen dugun».
Puntista ohiak ez du alde edo kontra dituzten federazioen inguruko detaile askorik eman nahi izan. «Ez dakigu dena, gu bilera horietan ez baikara egon, ez gara Nazioarteko Federazioko partaideak eta ez dugu egoterik. Baina gutxi gorabehera badakigu estatutuen aldaketaren proposamena zein naziok egin duten: Frantziak, Mexikok eta Argentinak; eta suposatzen dugu aldekoak izango direla. Gero sare sozialetan-eta ikusi izan dugu federazio batzuek zer partekatu duten –Espainiak eta Kubak bereziki–, kontrako bozka eskatzen; eta suposatzen dugu federazio horiek kontra egongo zirela. Azkenean gehiengo handi baten adostasuna behar da, gero liskar handirik ez egoteko. Horretarako lanean jarraituko dugu», azaldu du.
Dena den, «atzo baino hobeto» gaudela uste du zumaiarrak, ezezko emaitza batek bi urtez beste ezer egin ezin izatera eramango gintuelako, eta «orain kontra bozkatzeko prest zeuden horiek konbentzitzeko astia dugu».