INFO

Lehiaketaren zain, ariketa fisikoa gero eta beharrezkoagoa dugu

Pilotako euskal selekzioaren onarpenaren auzian, ariketa fisiko apur bat bai, baina lehiatu ez izanaren penaz geratu da euskal gizartearen parte handi bat.

Selekzioaren ofizialtasunaren alde Durangon egindako ekimena. (Raul BOGAJO/FOKU)

Emaitzak, sailkapenak, garaipenak... dira kirola ariketa fisikotik bereizten dituen ezaugarriak eta lehia hori, hortik etortzen den guztiarekin, da kirolari bat egunero entrenatzera, bere gorputza mugara eramatera, bultzatzen duena. Eta pilotako euskal selekzioaren onarpenaren auzian, ariketa fisiko apur bat bai, baina lehiatu ez izanaren penaz geratu da euskal gizartearen parte handi bat. Eta ojo,azken urteetan gaiak euskal gizartearen agendan izan duen bilakaera kontuan izanda, ariketa fisikoa, hankak eta muskuluak luzatu eta berriz ere martxan ipintzea osasungarria da oso, baina aukera eder bat pasatzen uztearen damua airean geratu izanaren ustea ezkuta ezina da, lehiatu gabe etxera itzuli izanarena.

Eta partidak emaitzarik izan ez duenez, lehiakide bakoitza bere kontakizuna saltzen saiatu da zapuztutako bozketaren ondorengo orduetan. Ezustekorik ez da izan, eta denetan oldarkorrena Julian Garcia Angulo izan da, bere burua garaile nagusitzat aurkeztu eta «Euskadik tarteka egiten dituen agerraldi horiekin molestatzeari uztea da egin behar duena» esanda. «Euskadi Espainiaren parte da eta dagokion lekuan egon behar du. Gertatutakoa gizartearen zati bat politikariez gogaituta egotearen ondorio bat da», adierazi zuen bere sare sozialen bidez zabaldutako ohar batean, PSOEk eta PNVk adostutako legeari bidalitako ziri zuzena. Nazioarteko Pilota Federazioak ere jaso zuen bere partea eta «espero dugu bere ondorioak atera izana eta pilotaren osotasunaren eta garbitasunaren alde lan egitea».

Eta hein handi batean, datorren urtean 71 urte egingo dituen eta karguan 30etik gora urte daramatzan agintariak baditu pozik egoteko arrazoiak. Halako saltsa eta kontu ilunetan duen esperientzia baliatuz, bere «etxea» ataka larri batetik libratu baitu, bozketa egingo zela jakin zenetik sortutako zalaparta eta presioei esker. Bulegoetan eta jatetxeetan mugitzen jakin izan du eta, momentuz behintzat, denboraldi batez lasai egoteko moduan da.

Ilusioari eutsi

Azkenean partida jokatu gabe, Euskadiko Federazioan azken egunetan sortutako ilusioari nola edo hala eusten saiatzen ari dira, porrota jaso izana askoz okerragoa izango zatekeela argudiatu eta hurrengo partidarako hobeto prestatuta helduko direla aginduz. Elkarrizketaren batean Gotzon Enbilek aipatu du batzarraren %51 gutxienez alde zutela, baina ez zirela estatutuak aldatzeko beharrezkoa zen botoen bi herenetara helduko eta bozketa galdu izanak bi urtez berriz ere lehiatu ezinda utziko gintuela.

Kontua da, Frantzia –Iparraldeko pilotariek euskal selekzioan jokatu ahal izango balute postura bera mantenduko luke?–, Mexiko eta Argentina bezalako federazio indartsuen babesarekin Mexikoko demak eguna, ordua eta lekua jarrita zituela eta ez dakigula hurrengo partidarik egongo den ere. Gainera, ezin ahaztu, Estatu espainolaren egoera politiko nahasian, kirolaren lege berria oso behin-behinekoa izan daitekeela, nahiz eta Gobernua eratzeko balizko negoziazioetan euskal alderdiek indarrezko posizio bat izan.

Herri kiroletan sarri esaten da, gero plazan egin egin behar izaten den arren, apustuak "Kantabrikon" edo lanak adosteko garaian irabazten direla sarri, eta hemen ere sukaldeko lanek ez dirudite euskal ordezkarien onerako izan direnik. Ekainaren hasieratik jakina zen partida uztailaren 29an jokatuko zela eta, ageriko laguntzarik gabe, Euskadiko Pilota Federazioa beharrezkoak zituen bozkak ziurtatzeko gai izan ez den bitartean, Garcia Angulok, CSD eta beste erakunde batzuen laguntzaz, bozketa blokeatzea lortu zuen. Espainiarrek bozken herena gehi bat behar dituzten bitartean, euskaldunek bikoitzak behar dituzte, eta ez dago batere argi nondik lor ditzaketen.

Bitartean, joan den ekainaren 7an, 2030eko Munduko Txapelketak Bilbon eta Gernikan –momentuz euskal selekzioaren parte hartzerik gabe– antolatzeko hitzarmena sinatu zuten Nazioarteko Pilota Federazioak, Espainiakoak eta Bizkaiko Foru Aldundiak. Beste partida baten zain gauden artean, argi geratu da nagiak kendu eta euskal selekzioaren alde ariketa fisikoa egiten hastea beharrezkoa zaigula, oporretatik bueltatzeari itxaron gabe.