INFO

Hizkuntzen auzia Gobernu espainiarrerako negoziaketen erdigunean jartzeko eskatu dute

Hizkuntza gutxituen aldeko eragileak elkartu berri dira Galizian, Kontseilua bertan zela. Uztailaren 23ko hauteskundeen ostean ospatu da bilkura, eta horregatik «normalizazioaren bidean bestelako jarrera eta politika batzuk bideratzeko bermeak negozazioaren erdigunean kokatzea eskatu dute».

Idurre Eskisabel eta Paul Bilbao, beste eragileen ordezkariekin batera Galizian. (Kontseilua)

Uztailaren 25ean, Galiziako Nazio Egunarekin eta Estatu espainolean hauteskundeak burutu berriak zirela, hizkuntza gutxituen egungo egoerari eta normalizazioan aurrera egiteko egiten ari diren ekintzei buruzko mahai
ingurua egin zen Santiago de Compostelan, Kontseiluak jakinarazi duenez.

O Festigal jaialdian txertatuta, galizieraren aldeko A Mesa pola Normalización Lingüística erakundeko presidenteorde eta Observatorio de Dereitos Linguísticoseko zuzendari Elsa Quintasek moderatu zuen eztabaidan izan ziren Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusi ohia eta Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren sustatzailea, Marcos Maceira A Mesa pola Normalización Lingüísticako presidentea, eta, katalanaren  aldeko mugimenduaren ordezkari gisa, Francesc Marco Plataforma per la Llenguako idazkaria eta Anna Oliver Acció Cultural del País Valenciáko presidentea.

«Mahainguruak balio izan zuen hizkuntza eremu bakoitzeko egoeraren eta hizkuntza-politiken ikuspegitik bakoitzak besteari bere errealitatearen berri emateko, elkar ezagutzeko eta ezagutzak elkartrukatzeko -azaldu du Kontseiluak–. Bakoitzak berea eman arren, atera ziren amankomuneko egoera partekatu batzuk. Bereziki aipatu zuten berezko hizkuntza gutxituen normalizazioaren aurkako Estatu espainiarraren oldarraldia, dimentsio anitzekoa, baina une honetan formarik indartsuena oldarraldi judizialean daukana. Erakunde guztiek kezka handia azaldu zuten oldarraldi judizialaren aurrean, normalizazioaren bidean oztopoak eta atzerapausoak eragiten  ari delako».

«Egoera hori izanik ere, hizlari guztiek bat egin zuten hauteskundeen osteko abagune politikoa hizkuntza auzia erdigunean jartzeko eta Estatuari gutxieneko bermeak eskatzeko baliatu behar dela azpimarratzeko. Zehazki, berezko hizkuntza gutxituen normalizazio eta biziberritze prozesuaren bidean aurrera egiteko behar diren politika publikoak egikaritu ahal izateko, bestelako jarrera eta politika batzuk bideratzea bermatuko dutenak. Horregatik, Espainiako Gobernu berria eratzeko negoziazioek aukera ezin hobea ekarri dezakete hizkuntzen auzia erdigunean kokatzeko», ondorioztatu dute.

Zentzu horretan, aurreko legegintzaldian berezko hizkuntza gutxituetako eragileek legez besteko proposamen baten bueltan mahai gainean jarritako hainbat gutxieneko ekarri zituzten gogora. Hartara, ezinbestekotzat jo dute «berezko hizkuntza gutxitu guztiek beraien lurralde guztietan ofizialtasuna izan dezatela; Estatuko administrazio periferikoan eta Justizia administrazioan iraulketa bat egotea, Europako Kontseilutik ere datorren eskaria ere baita; eta ikus-entzunezkoetan euskararen eta hizkuntza gutxituen presentzia handitzea, bereziki streaming bidezko nazioarteko plataformetan eta haurrei zuzendutako edukietan».

Laster abiatu beharko diren Gobernu berria osatzeko elkarrizketetan elementu hauek ere negoziagai bilakatzeko eskaria egin diete, beraz, alderdi politiko guztiei: «Ezin da gertatu berriz ere, beste 4 urtez hizkuntza gutxituen eta beraz hizkuntza eskubideen afera negoziazioetatik kanpo gelditzea», ohartarazi dute.

Eskuin muturraren goraldia

Honekin batera, eskuin muturraren goraldia izan dute hizpide Galizian bildutakoen. Beren iritziz, «fenomenoa ez da soilik Estatu espainiarrean gertatzen ari, baizik eta Europan eta mundu osoan hedatzen ari den joera   globalizatu moduan aztertu behar da».

Eragile hauen ustetan, «joera horrek jendarteko marko politikoak eskuinera lerratu dituena politika publiko guztietan, baita hizkuntza gutxituenen kasuan ere, eta, beraz, gutxiagotutako hizkuntzen kontrako jarreren hedapena». Abagune horretan, berezko hizkuntza gutxituen aldeko borroka ezinbestekotzat jo dute «mundu justuago eta bizigarriago baten aldeko bidean. Ondorioz, norazko horretan lan egiten duten eragileak ezinbesteko aliatutzat» jo dituzte.