INFO
Entrevue
Naroa Goikoetxea
Zumaiako patroia

«Liga hasieran Kaiku eta gu geunden lehian, eta orain Zarautz ere sartu da»

Zumaia bigarren da ETE Ligan, eta denboraldiaren erdia baino gehiago osatuta, Kaiku liderra hiru puntura dauka. Naroa Goikoetxea (Ondarroa, 2005) patroiak nabarmendu du, «oraintxe», liga irabaztea dela helburu nagusia. Larunbat honetan bere etxean, Ondarroan, egingo du arraun (12.00etan).

Naroa Goikoetxea, Zumaiako instalazioetan. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Oso estu dago ETE Liga gorengo bi postuei dagokienez. Kaikuk 59 puntu ditu, eta Zumaiak 57. Hasiera batean, eta ezustekorik ezean, litekeena da bi traineru horiek jokatzea Euskotren Ligara igotzeko kanporaketak. Naroa Goikoetxea "Telmo Deun" ontziko patroi gazteak nabarmendu du Zarautz ere sartu dela lehia horretan, nahiz eta hamahiru puntuko errenta izan.

Denboraldiaren erdia baino gehiago osatuta, orain arteko balorazio «positiboa» egin du patroiak eta azpimarratu irabazi dituzten bi banderak, Pasai Donibanekoa eta Donibane Lohizunekoa, ez direla «goitik jausi». Sei estropada geratzen dira liga amaitzeko, eta larunbat honetan jokatuko dute ligako 9. jardunaldia, Ondarroan, Goikoetxearen etxean. Orain arte herriko traineruan aritu da, eta aurten hasi da Zumaian.

Pasa den asteburuan ez zenuten jardunaldirik izan. Atseden hartzea eskertzen da?

Bai, batez ere probak egiteko traineruan, baita arraunlarien artean ere.

Kike Manterola entrenatzaileak estutu zaituzte?

Ez, bueno... [barreak]. Kikek eta ‘Boti’-k [Jon Martija laguntzailea] beti esaten digute dakiguna egiteko. Beraz, zentzu horretan ondo.

Zer balorazio egiten duzu orain artekoaz?

Hasieratik ikusita Kaiku eta gu hor goian egon garela, balorazioa nahiko positiboa da. Itsasoko estropadetan oso ondo ibili gara, eta azkenean errioan ere bai. Erlojupeko estropadetan, denok baldintza berberetan, uste dut oso maila ona eman dugula.

Zer sentsazio izan dituzue estropadetan?

Gorabeherak egon dira batzuetan baina, oro har, sentsazioak onak izan dira. Talde moduan oso ondo gabiltza eta hori oso positiboa da.

Gorabeherak diozunean, zein izan dituzue?

Itsasoko estropadetan eta errioko azkenengoan ez dugu arraunketa topatu. Baina gero astean zehar saiatu gara arraunketa topatzen, eta uste dut lortu dugula.

Zortzi banderetatik bi eraman dituzue, eta beste estropada guztietan, Sestakoan izan ezik, bigarren egin duzue. Erregularrak izan zareten seinale.

Bai, batzuetan eskutik joan zaizkigu banderak kaleak-eta ez direlako onak izan. Baina esan daiteke nahiko erregularrak izan garela ligan.

«Batzuetan eskutik joan zaizkigu banderak, kaleak eta ez direlako onak izan. Baina nahiko erregularrak izan gara ligan»

Kaikuk eraman ditu bandera gehien, lau, eta liderrak dira. Lehia estua izaten ari da?

Bai, oso, eta orain azkeneko estropadetan ikusi da Zarautz ere gora altxatu dela. Beraz, liga oraindik eta estuagoa da. Kaikuren kasuan, denboraldiaurretik jada ikusten zen talde berria izan arren oso indartsuak zirela. Ikusten da arraunlariak ondo dabiltzala.

Hain justu, Zarautzek ezustekoa eman zuen azken asteburuan; bi estropadetan bandera irabazita. Atzekoz aurrera egin dute?

Bai, hori ere ikusi da. Talde moduan pentsatzen dut ondo egongo direla. Lehen 30 segundo ateratzen genizkien eta orain hor daude borrokan sarturik. Liga hasieran Kaiku eta gu geunden, eta orain Zarautz ere sartu da.

Hala ere, hamahiru puntura duzue. Zuen burua arriskuan ikusten duzu?

Ez... Orain momentuan ez gaude kanporaketei begira. Guk liga irabazi nahi dugu, bai ala bai. Eta gero ikusiko da zer gertatzen den kanporaketetan. Baina arriskua beti egon daiteke, ikusi baita irabazi egin dutela.

Helburua, beraz, liga irabaztea da. Eta gero kanporaketetan ikusiko da Euskotren Ligakoekin nola zaudeten.

Bai, hori da. Momentuz liga. Gero, kanporaketei begira, denboraldiaurrean ikusi zen Gipuzkoako Txapelketan Hibaikaren aurretik egin genuela eta bai egon garela aurretik. Baina, noski, eurak entrenatzen dabiltza, eta gauzak aldatu egiten dira.

Larunbat honetan Ondarroan izango duzue estropada. Etxean arrotz sentituko zara?

Bueno…. etxean jokatzen duzunean beti pozik zaude. Baina bai, agian pixka bat arrotz sentituko naiz.

Etxeko bandera astintzea polita litzateke zuretzat?

Bai, oso. Azkenean arraunlari guztientzat da polita etxean jokatzea; baina gero, bandera astintzea, beste gauza bat da.

Orain arte Ondarroan aritu zara. Nola ikusten dituzu taldekide ohiak?

Ikusi dut beste talde berri bat dela, eta nahiko ondo ari direla moldatzen eurak ere. Azkenean talde berria da eta harrobitik arraunlari batzuk igo dituzte. Nik dakidanez, eurek oso pozik daude elkarren artean eta ondo ari dira mantentzen postua [seigarren doaz].

Sei jardunaldi falta dira liga amaitzeko. Zer egin behar du Zumaiak Kaikuri aurrea hartzeko eta liga irabazteko?

Orain arte egin duguna: tokatzen zaigun kaletik arraun egin, dakigun moduan, eta Kaikuri, Zarautzi eta, bueno, azkenean denei, aurre egin. Ez dut uste lortu ditugun bi banderak goitik jausi direnik. Bandera horiek guk irabazi ditugu eta gu egon gara lanean. Uste dut oraindik lor dezakegula beste banderaren bat.

Liga irabazteko, Zarautz lehia horretan sartzea ona izan daiteke zuentzat, adibidez, Kaiku bigarren geratu ordez, hirugarren geratu daitekeelako. Baina zuen kalterako ere izan daiteke...

Bai, azkenean puntuetan hori gertatzen da. Azken estropadan, adibidez, ehunekoengatik puntu bat galdu genuen; ehunekoak dira, baina puntu bat da. Ez da erraza izaten.

2008an traineruen estropadak hasi zirenetik Zumaia bertan egon da. 2016an, ordea, haria eten zen, eta, 2019an berriro ere, uretaratu zuten ontzia. Talde historikoa da.

Bai, Zumaia talde historiko bat da, eta hasieratik hor dago. Oso zaila izango da, baina oso polita litzateke trainerua goran lagatzea [Euskotren Ligan].

2013an Zumaiak Kontxa irabazi zuen. Sailkatzearekin amesten duzue?

Amestea librea da, baina gero hankak lurrean ipinita... edozer pasatu daiteke. Gu momentuz ligari begira gaude. Gero, Kontxa, eta, ondoren, kanporaketak etortzen badira, ba kanporaketetan jarriko dugu arreta osoa.