INFO

Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioak denboraldia amaitutzat jotzea erabaki du

Igandean Oiartzunen jokatuko den proba izango da azkena eta, hala, beste 14 proba bertan behera geratzeaz gain, Gipuzkoako txirrindulariek ezingo dute herrialdetik kanpo jokatzen diren probetan parterik hartu. Trafikotik ezarritako arazoak eta «politikarien ezgaitasuna» salatu dute Federaziotik.

Gipuzkoako Txirrindularitza Federakuntzako kideak protestan, denboraldia ezin aurrera eramanda. (@IribarArritxu)

Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioak 2023ari dagokion denboraldia amaitutzat eman du azkenean. Aspalditik kexu azaltzen ziren Trafikotik lasterketak antolatzeko orduan jartzen zitzaizkien trabak zirela-eta, baina horrez gain, «politikarien ezgaitasuna» salatu dute arazo honi irtenbiderik bilatzeko orduan ere.

Denboraldia amaitutzat emateak herrialdean lasterketarik ez dela izango esan nahi du alde batetik, baina bestetik, Gipuzkoako txirrindulariek Gipuzkoatik kanpo ez dutela lasterketetan parterik hartuko ere esan nahi du. «Ondorioz, junior mutilen selekzioak Frantziara eta lehenengoz kadete-junior nesken selekzioak Portugala egitekoak zituzten irteerak bertan behera geldituko dira», ere gaineratu dute.

Hala, igande honetan Oiartzunen jokatuko den sub 23 eta elite kategoriako lasterketa izango da, beraz, denboraldiko azkena.

 

«Egoera gogorra da benetan. Hamalau lasterketa geratzen ziren denboraldia bukatzeko, baina momentuan hau gelditu beharrean gaude. Horrela ezin zela jarraitu erabaki genuen guztion artean eta bertan behera geldituko zirela lasterketa guztiak, baldin eta Trafiko aldetik zein politikarien aldetik aldaketarik egon ezean honi irtenbiderik emateko», adierazi du Santi Osoro Gipuzkoako Txirrindularitza Federakuntzako presidenteak.

«Gipuzkoako txirrindularitza desabantailan sentitzen da Arabaren eta Bizkaiaren aurrean, egutegia arazorik gabe osatzen ari baitira», adierazi dute Federakuntzaren oharrean, eta egoera horren erantzule egiten ditu «oinarriko kirolak eta etorkizuneko profesionalen txirrindularitzak gogaitzen dituztenak».

Buruhausteak aspalditik

Ez da atzoko kontua Gipuzkoako Federakuntzaren kexua. Martxoaren 10ean komunikatua atera zuten kadete eta junior mailetan denboraldia hasteko moduan legokeela esanez, nahiz eta «ordu asko eskeini behar izan zaizkio korapiloa askatzeari eta telefono dei asko egin behar izan dira». Esatetako, Aiztondo Klasika bertan behera geratu zen sasoi hartan.

«Jaurlaritzako barne sailak eta Gipuzkoako Aldundiko kirol sailak asko lagundu dute, ezin dugu gauza bera esan Jaurlaritzako kirol sailari buruz», kexatu zen orduko hartan.

Ekainaren amaiera aldera, Gasteizko Legebiltzarra adostasun batera iritsi zen oinarrizko txirrindularitza lasterketetan segurtasuna bermatzeko mahai bat osatzeko. EH Bilduren proposamen bati jarraituz iritsi da ekimena Legebiltzarrera eta EAJ eta PSErekin adostasun batera iritsi zen koalizio abertzalea.

Hala, datorren denboraldira begira, mahai bat eratzea adostu zuten Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko txirrindularitza federazioekin elkarlanean aritzeko eta adosteko zein diren klubek dituzten beharrak oinarrizko lasterketak antolatzeko orduan eta zein diren bermatu behar zaizkien baliabideak proba horiek segurtasunez egin ahal izateko.

Besteak beste, lasterketen egutegia eta ordutegiak aztertu behar zituzten, lasterketetan segurtasuna bermatzeko neurriak zehaztuko eta irizpideak ere definitu behar ziren batzorde honen bitartez errepideetako segurtasun gailuen ezaugarriei buruz, ibilbideen diseinu eta baimenei buruz eta boluntarioen beharrari eta segurtasunari buruz ere.