INFO
Entrevue
Gorka Aguinagalde
Aktorea eta umoregilea

«Orokorrean beti kaletik nabil, Gasteizko jaietan giro onena kalean baitago»

Gorka Aguinagalde aktorea eta umorista betidanik ibili da Gasteizeko kaleetatik barrena Andre Mari Zuriaren jaietan. Bere hitzetan, Gasteizko jaietan «kalean giro onena dago».

Gorka Aginagalde. (Raul BOGAJO | FOKU)

Aurten, planak pixka bat moldatu behar izan dituela adierazi du Gorka Aguinagaldek, abuztuak 4an eta 5ean ‘Principal Antzokian’ dagoelako. ‘Un Oscar para Oscar’ antzezlanean parte hartu du gasteiztar aktoreak, Jon Plazaola, Rebeca Sala eta Mara Guilekin.

Zein da urtero jaietan galtzen ez duzun unea?

Nire egun gustukoena abuztuaren 4a da, baina aurten lana dela eta desberdina izan da. Hala ere, San Migeleko balkoitik ikusi dut Zeledon, ohore bat dena, egia esan. Normalean, jaietako lehen egunean lagunekin elkartzen naiz, Zeledonen jaitsiera ikusten dugu eta gero ingurutik zerbait hartzera goaz. Orokorrean beti kaletik nabil, Gasteizko jaietan giro onena kalean baitago.

Ba ahal duzu tradizioren bat kuadrilarekin edo familiarekin?

Ba egian esan bai. Ni dantzan eta fanfarrean jotzen ibili nintzen urte luzeetan zehar. Garai horretan hainbat alditan jotzen eta dantzatzen ibiltzen ginen Gasteizko txokoetatik. Gaur egun jada soilik urtean behin ateratzen gara, alegia, Gasteizko jaietan. Kutxitik gora eta behera ibiltzen gara urtero jotzen. Galdu ezinezko zita da hau.

Aurten, ‘Un Oscar para Oscar’ antzezlanean zaude, zer esan dezakezu antzezlanaren inguruan?

Mario Hernadez egindako obra da ‘Un Oscar para Oscar’, komedia bat. Niretzat bi ataletan banatzen da antzezlana. Lehenengo atalean egoera aurkezten da eta bigarrenean miseria guztiak azaleratzen dira. Film laburren zuzendari batek Oscar sari baten izendapena jasotzen du eta sari banaketara bi politikariekin doa, ez baitauka dirurik familiarekin joateko. Politikari bat ezkerrekoa da eta bestea eskuinekoa. Bigarren atal honetan esaten dudan moduan miseriak azaleratzen dira, politikarien arteko liskar etengabeak protagonismoa izateagatik, hain zuzen ere. Oso dibertigarria da, lau pertsonaiak oso ongi idatzita eta garatua daude. Antzezlana ikustera datorren edonork barre batzuk botatzen ditu.

Denborarekin nabaritu duzu aldaketa nabaria Gasteizko jaietan?

Aldaketa nabaritu dut, gehien bat, nire ohituretan, azken finean, jaiak bizitzeko modua aldatu dut urteak pasa ahala. Adibidez, gauean ez naiz hainbeste ateratzen. Kontzertuetara joaten jarraitzen dudan arren, ez naiz hainbeste luzatzen. Orain gaupasaren ordez, vermut-a hartzen dut.