INFO

Donostiako bi egoitzetako adinekoentzat triziklo ibilaldiak abuztuan zehar

Bizikletan Adinik Ez elkarteak Donostiako bi egoitzetako adinekoentzat triziklo ibilaldiak antolatu ditu abuztuan. Berio eta Alai-etxe dira ibilaldiez gozatu ahal izango duten egoitzak, abuztuaren 9an eta hilaren 4an, hurrenez hurren.

Bizikletan Adinik Ez elkarteak Donostiako bi egoitzetako adinekoentzat triziklo ibilaldiak antolatu ditu abuztuan. (Bizikletan adinik ez)

Donostiako Berio eta Alai-Etxe egoitzetako egoiliarrek Bizikletan Adinik Ez antolatutako triziklo ibilaldietan parte hartzeko aukera izango dute. Izen bereko elkarteak jakinarazi duenez, abuztuak 9an «trizikloak Berio egoitzara hurbilduko dira» eta hilabete bereko 24an Alai-Etxeko egoiliarrak «esperientziaz gozatzeko aukera izango dute».

Elkartearen arabera, abuztuak 9an bi irteera egingo dira Berio egoitzako egoiliarrekin, bata 11.00etan eta beste 16.30ean. Modu berean antolatu dute Alai-Etxe egoitzan, «goizetik arratsaldera esperientziaz gozatzeko». Irteera bakoitzean hiru boluntariok trizikloa gidatzen parte hartuko dutela jakinarazi dute Bizikletan Adinik Ez elkarteak eta Gipuzkoako Aldundiak. Irteera bakoitzean sei egoiliar batu ahalko direla adierazi du.

«Jarduera honen bidez, egoitza-zentroetan bizi diren adinekoak beren komunitatearekin konektatzen dira berriro», adierazi du elkarteak. Belaunaldien arteko harremana «ehuntzeko» ekintza dela azpimarratu dute elkartearen kideek, beti ere berdintasunezko esparru jasangarri eta osasungarri batean.

Orotara, elkarteak 18 triziklo ibilaldi burutu dituela jakinarazi du, martxotik abuztura, hain zuzen ere. Elkarteko kideek jakinarazi dute urrian amaituko dutela proiektu honekin, eta data horretara arte Gipuzkoako 7 udalerri gehiagotan triziklo ibilaldiak burutzea aurreikusi dute.

Elkarteak jakinarazi duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politiketako Departamentuarekin batera antolatu dituzte ibilaldiak.