INFO

Nafarroako Gobernua adosteko negoziazioak, azken txanpan

PSNk helarazitako azken proposamena aztertu eta gero, Geroa Baik berandu baino lehen, gaur bertan akaso, argitu behar du baiezkoa eman edo negoziazioa luzatu nahi duen. Lehenengo eskaintzan, Chivitek hiru departamentu aurreikusi zituen Barkosen alderdiarentzat, baina bigarrenean lau dira.

Uxue Barkos, Pablo Azcona eta Maria Solana, artxiboko irudi batean. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Zirt edo zart egiteko unea iritsi da Nafarroan. Gauzak hilaren 28ra arte luzatu daitezkeen arren, Gobernu berria osatzeko negoziazioek hurrengo egun edo orduetan aurrera egin dezakete, epemugarekin gehiegi jolastu gabe. Horretarako, lehenengo, PSNk helarazitako azken proposamenari ematen dion erantzuna ezagutarazi behar du Geroa Baik. Gaur bertan gertatu liteke hori.

Baiezko batek aurreko asteko talkak albo batera utzi eta negoziazioak bide onera itzultzea ahalbidetuko luke. Aurreko astelehenean, Geroa Baiko bozeramaile Maria Solanak eta Pablo Azconak plantoa eszenifikatu zuten prentsaurreko batean. PSNk helarazitako lehenengo eskaintza Geroa Bai Gobernutik kanpo uzteko prestatua zegoela zirudiela salatu zuten, eta, horrela balitz, EH Bildurekin negoziatzeko gonbita egin zieten orain arte bazkideak izan direnei.

Hurrengo egunean, asteartean, karguen inguruko gatazkak gaitzestearekin batera, EH Bilduk Maria Chiviteren inbestidura errazteko bere botoak eskaini zituen, egoerari irteera bat eman eta beste aukera batzuei atea ixteko helburu bikoitzarekin. Asteazkenean, Contigo-Zurekin-ek baiezkoa eman zion PSNren eskaintzari. Etxebizitzaren arloa, azken legealdian Geroa Baik kudeatu duena, Begoña Alfaro bozeramaile duen koalizio ezkertiarrarentzat izanen da.

Testuinguru honetan, PSNk proposamen berri bat jarri zuen Geroa Bairen mahai gainean. Chivitek eskaintza «eskuzabala» zela ziurtatu zuen, eta erantzun azkar bat eskatu zien bere balizko bazkideei. Solanak, ordea, frenoa zapaldu zuen: proposamena azken letraraino aztertu nahi zuten.

Hurbiltze prozesua, martxan

Asteburua eskaintzaren gainean lan egiteko hartu eta gero, Geroa Baik gaur bertan eman diezaioke erantzuna PSNri, eta asteburuan argitaratutako zenbait artikuluk ulertzera eman dutenez, negoziazioak akordioaren bidean sar litezke gaurtik aurrera.

Estatuko hauteskundeetan emaitza bikaina lortuta, PSNk Geroa Bairen presentzia murrizten zuen eskaintza egin zuen: lau sailburutik hirura pasatzen zen Uxue Barkosen alderdia. Proposamen berrian, ordea, lau sailburuen zenbakia berreskuratu zuen Maria Chivitek, eta horrek Geroa Bairen posizioa leundu eta akordioa erraztu dezakeela dirudi.

Hala ere, ertz batzuk oraindik negoziatzeko dauzkate hiru bazkideek, bai alor programatikoan, bai praktikoan ere. Besteak beste, PSNk adostutakoa betetzen duela bermatzeko mekanismoak eskatu izan dizkiote azken asteetan, ez betetzeak ondorioak dituela aldez aurretik ezartzeko.

Aste honetan negoziazioak desblokeatuko balira, Unai Hualde Parlamentuko presidenteak alderdiekin bilera erronda berrira deituko luke. Hurrengo pausoa inbestidura egiteko osoko bilkurara deitzea da. Gutxienez hiru egun pasatu beharko dute horretarako. Dena ondo bidean, beraz, datorren astean egin ahalko da, abuztuaren 15eko jai egunak egutegia baldintzatu dezakeen arren. EH Bilduk abstentzioa aukeratu eta Chivitek gehiengo osoa lortzen ez badu, osoko bilkurak bigarren egun bat beharko du.