INFO

Bost polizia atxilotu dituzte, Marseillako gazte baten heriotzarekin zerikusia dutelakoan

Frantziako Poliziaren Raid unitate bereziko bost kide atxilotu dituzte, uztailaren hasieran agente batzuek Nanterren Nahel nerabea hil ondoren Marseillan izandako istiluetan 27 urteko gazte baten heriotzarekin zerikusia dutelakoan.

Poliziak Nanterren Nahel nerabea hil ondorengo istiluak Marseillan. (Telmo PINTO | CONTACTO | EUROPA PRESS)

Marseillako Fiskaltzak ohar baten bidez baieztatu duenez, Raid unitateko bost agente atxilotuta daude eta beste hogei bat polizia ere deklaratzera deitu dituzte Mohamed Bendriss 27 urteko gaztearen heriotzaz arduratzen diren ikertzaileek.

Uztailaren 1eko gauean aurkitu zuten Bendriss, konorterik gabe eta ziklomotorraren ondoan, Marseillako kale batean. Handik gutxira zendu zen, ospitalean, eta toraxean kolpe handi baten marka aurkitu zioten.

Ondoren egin zioten autopsiak baieztatu zuenez, toraxean jasotako inpaktu horrek eragin zion bihotzekoaren ondorioz zendu zela. Marka hori segurtasun indarrek erabiltzen dituzten LBD edo ‘flash-ball’ izeneko gomazko balek eginikoa zela ebatzi zuen autopsiak.

Bendriss konorterik gabe aurkitu baino ordu erdi lehenago, 27 urteko gazteak polizia talde bat grabatu zuen bere telefonoan, istiluen baitan ustezko arpilatzaile bat jazartzen ari zena.

Raid talde bereziak parte hartu zuen uztailaren 1eko gau horretan Marseilla erdialdean, Nahel gaztearen heriotzaren aurkako protesten harira.

Hainbat ikerketaren ostean, Fiskaltzak eliteko unitate horretako hogei bat agente deitu zituen astearte honetarako, batzuk lekuko gisa, eta horietako bost atxilotuta geratu dira, ohar batean adierazi duenez.

Beste lau polizia auziperatuta daude –bat atxilotuta, eta beste bat etxeko atxiloaldian–, 22 urteko Hedi gazteak gomazko pilota baten kolpea eta polizia-talde baten jipoia jaso zituelako buruan. Uztailaren 2an gertatu zen hori ere, Marseillan. Medikuek garezurraren erdia kendu behar izan zioten, bizia salbatzeko, eta prentsari egindako adierazpenetan burua deformatuta agertu zen haren irudiak zirrara eragin du herrialde osoan; are gehiago, segurtasun-kamera batzuen irudiek erakutsi zutelako agenteek eraso egin ziotela, istiluetan parte hartzen ari ez zela.

Poliziaren jarduna aspaldidanik dago jomugan Estatu frantsesean, eta kritikak berriz ere indarra hartzen ari dira indarkeriazko protesta edo istilu bakoitzean, aurreko asteetan bezala.

Hedi gaztearen kasuarengatik auzipetutako lau agenteetako bat behin-behinean atxilotuta mantentzeak protesta-oldea piztu zuen Poliziaren barruan, laneko bajen eta gutxieneko zerbitzuen gorakadak markatuta.