INFO

Lanean zeuden 290 erizain Osakidetzako zerrendetatik kanpo utzi dituztela salatu du SATSEk

SATSE sindikatuak salatu duenez, «Osakidetzak 290 erizain baino gehiago utzi ditu kontratazio-zerrendetatik kanpo, Erizaintzako titulaziorik ez dutelakoan, nahiz eta orain lanean egon». Honetan «koherentzia eza» ikusten du.

Osakidetza EPEetan irregulartasunak salatu zituen Satsek Bilbon aurtengo urtarrilean. (Oskar Matxin Edesa | Foku)

«Koherentzia eza» egotzi dio SATSE sindikatuak Osakidetzari, bidean diren bi EPEetan ia 300 erizainekin hartutako erabakiak direla eta.

Hau da afera, SATSEk ohar batean laburbildua: «Osakidetza abuztua aprobetxatzen ari da irekita dituen bi EPE prozesuen lekualdatze-lehiaketaren eta kontratazio-zerrenden emaitzei buruzko argitalpen ugari egiteko. Hala ere, prozesu guztiak aldi berean argitaratzeko premia horren ondorioz, akats ugari egin ditu, gero zuzendu egin behar direnak».

Horren adibide dira «lekualdatze-lehiaketaren kasua besteak beste, zuzendutako ebazpenaren argitalpenaren zain gaudela, edota bi EPE-en dokumentazioa entregatzeko ospitaleetan sortzen ari diren ilara luzeak». Azken honek zeresan ugari eman du aurreko astean, eta zenbait neurri hartu behar izan ditu Osasun Sailak egoera hobetzeko (ordutegi zabalagoak jarriz eta zenbait prozedura erraztuz).

Azken akatsa «Erizaintzako kontratazio-zerrendak argitaratzean sortu da –nabarmendu du SATSEk–. Bertan, Osakidetzak 290 erizain baino gehiago baztertzea erabaki du, eskatutako titulazioa ez dutela argudiatuta».

«Egoeraren kontraesana da erizain horiek guztiak momentu honetan lanean ari direla Osakidetzan», azaldu du sindikatuak. Hau da, «euskal erakunde publikoaren arabera, gaur egun 300 erizain inguru ari dira titulaziorik gabe lanean», salatu du.

Erizainen sindikatuak «zentzugabekeritzat» jotzen du hau guztia. «Ezin da izan 290 erizain lanean egotea une honetan, Osakidetzak kontratazio-zerrendetarako titulaziorik ez dutela uste badu». Eta gauzak honela, «Osakidetzari ofizioz jarduteko eskatzen diogu, eta erizain horiek kontratazio-zerrendetan zuzenean sartzeko eta haiekin harremanetan jartzeko, eskatutako titulua eman ahal izan dezaten eta lanean jarraitu ahal izan dezaten».