Donostiako Aste Nagusian preso eskubideen aldeko manifestazioa deitu du Sarek
Abuztuaren 19an, larunbatean, Donostiako Aste Nagusiaren testuinguruan egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin du Sarek ostegun honetan, euskal preso, iheslari eta deportatuen egoerari konponbidea emateko.
Beste behin ere, Sare Heritarrak Donostiako Aste Nagusiaren testuinguruan euskal herriko zein jaietako zenbait eragilerekin batera antolatu duen manifestazioa aurkeztu du ostegun honetan. Mobilizazioa abuztuaren 19an, larunbatean, izango da.
«Tamalez, oraindik ere mobilizazioa hau deitu beharrean gaude, oraindik ere badelako zer egina euskal preso, iheslari eta deportatuen egoera normalizatze bidean», deitoratu dute Sareren ordezkariek. Modu horretan, salatu dute «espetxe politikaren baitan aldaketak eman eta 34 urte luze iraun dituen urruntze politika gainditzeak» ez duela berekin ekarri euskal presoen eskubideen urraketen amaiera. Adibide gisa gogoratu dute Fiskaltzak, Audientzia Nazionalaren laguntzaz, legedia arruntaren ezarpenaren aurrean eta etxeratze prozesuaren aurrean oztopoak jartzen jarraitzen duela, «elkarbizitza zangotrabatuz».
Horregatik eskatu dute salbuespen legea indargabetzeko eta lege arrunta aplikatzeko, «euskal preso guztiak etxera bidean jartzeko». «Dagokien eskubideen da, etxera bidea legeak dioen ibilbidea jarraituz pausuz-pausu burutu dezaten», aldarrikatu dute.
«Elkarbizitzan aurrera urratsak emateko», Sarek preso, iheslari eta deportatuen auzia konponbidean jartzeko apustua egin du. Horretarako, abuztuaren 19an 12.30etan Bulebarretik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko deialdia luzatu dute, «jai giroan ere salbuespenaren aurkako aldarria kaleratuz».