INFO

Torontoko zinema jaialdian emango dute Pablo Berger-en ‘Robot Dreams’

Cannes eta Annecy-ko zinema jaialdietatik pasa ostean, irailean Torontora bidaiatuko dute Pablo Berger bilbotarrak eta ‘Robot Dreams’, bere lehen animazio filmak. Zinema aretoetara abenduaren 6an iritsiko da.


Pablo Berger zinemagile bilbotarra nazioartean entzutea eskuratzen ari da ‘Robot Dreams’, bere lehen animazio lanarekin. Cannes eta Annecy-ko jaialdietatik igaro ostean, irailaren 7tik 17ra ospatuko den Torontoko nazioarteko zinema jaialdira iritsiko da filma. Nazioarteko beste zinema festibal batzuetako lan entzutetsuak biltzen dituen Centrepiece –lehen Contemporary World Cinema– sailean emango da.

Canneseko jaialdian mundu mailako banaketa lortu zuen ‘Robot Dreams’-ek eta Annecyn, berriz, Contrechamp Sari Handia eskuratu zuen. Torontotik pasa ostean, Sitges-eko zinema jaialdian izango du filmak hurrengo geltokia, urrian.

Arcadia Motion Pictures-ek ekoitzi du filma –aurretik Berger-en ‘Blancanieves’ eta ‘Abracadabra’ filmak ekoitzi zituen etxe bera– eta zinema aretoetara abenduaren 6an iritsiko da.

Filmak Dog-en bizipenak ditu helduleku: Manhattan-en bizi den txakur bakartia da Dog eta, egun batean, robot bat eraikitzea erabakiko du, bere laguna izan dadin. Bien arteko adiskidetasuna handituz joango da lagun min bilakatzen diren arte baina, udako gau batean, Dogek hondartza batean agurtu beharko du bere laguna.

Berger-en hitzetan, ‘Robot Dreams’ «adiskidetasunaren eta honen garrantziaren eta hauskortasunaren» gaineko filma da eta zinemagileak New Yorki dion maitasunaren adierazle ere bada, bertan hamarkada batez bizi izan baitzen bilbotarra.

Filmaren gidoia Berger berak idatzi du, Sara Varon artista estatubatuarraren izen bereko eleberri grafikoan oinarrituta.

‘Robot Dreams’ zinemagile bilbotarraren lehen animazio lana da. ‘Torremolinos 73’ (2003) lehen luzearekin sari ugari eskuratu zituen eta bere filmografian aipagarria da besteren artean 10 Goya sari, Donostiako Zinemaldiko Epaimahaiaren Aipamen Berezia eta Oscar sarietarako izendapena eskuratu zituen ‘Blancanieves’ (2012) entzutetsua. Orain arteko bere azken filma ‘Abracadabra’ (2017) da.