INFO

Gero eta handiagoa da belaunaldi arteko hedabideen kontsumo ohituren arrakala

Hedabideen kontsumo ohiturak aldatzen joan dira historian zehar, baina azken urteetan aldaketa horiek azkartu eta belaunaldien arteko arrakala handitzen ari dela ondorioztatu du Lakuak. Gaur egun, telebista da gehien kontsumitzen den hedabidea, eta gazteen artean, sare sozialak.

Paperezko prentsa idatzia gazteen %10ek soilik irakurtzen du. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

 Gizartea aldatzearekin bat ohiturak aldatzen joatea ohikoa izaten da, zentzu guztietan. Lakuak hedabideen kontsumo ohiturak aztertzea izan du xede uztailean argitaratu zuen txostenean. Inkestak argi erakutsi du belaunaldien artean ohitura aldaketa nabarmenak gertatzen ari direla, eta joera orokorrak ere pixkanaka aldatzen doazela. Telebistak jarraitzen du gehien kontsumitzen den hedabidea izaten.

Herritarren %74k egunero ikusten du telebista informatzeko. Hala ere, ohitura aldaketa nabarmena sumatzen da adinaren arabera: 65 urtetik gorakoen %94k ikusten du egunero telebista; 46-64 artekoen %75ek; 30-45 urtekoen %57k, eta 30 urtetik beherakoen artean %33k soilik. Europako batez bestekoaren barruan legoke EAEko biztanleria telebista kontsumoari dagokionez.

Irratiak ere zaharrenen artean du arrakasta handiena, eta %64k astean behin baino gehiagotan kontsumitzen du. Paperezko prentsa idatziaren eta Interneteko prentsa idatziaren arteko aldea nabarmen zabaltzen ari dela ondorioztatu du azterketak. %29k astean behin baino gehiagotan irakurtzen du paperezko prentsa; gainontzekoek Internetez irakurtzen dute. 18-29 urte artekoen %10ek paperezko prentsa idatzia irakurtzen du, eta % 65ek Interneten.

Gazteen %91k egunero erabiltzen ditu sare sozialak; 65 urtetik gorakoen artean, ordea, %23k kontsumitzen ditu. Europako Batasuneko herrialdeei begiratuta, sare sozialak gutxien erabiltzen dituztenen artean legoke EAE.

Tokiko informazioa

 Hedabide motaren arabera kontsumoa aldatzen den bezala, edukiaren arabera ere sumatzen da aldea. Gaurkotasunezko albisteak dira lautik hiru pertsonari gehien interesatzen zaizkienak. Eta horien artean, interes handiena tokiko albisteek pizten dute; gutxien, aldiz, gai politikoek eta kirol arlokoek. Ekonomiari buruzko berriekiko interesa jaitsi da gehien 2018. urtetik; %68ri interesatzen zitzaion garai hartan, eta azken inkestan, berriz, %54ri.

Gaurkotasunezko gaiak jarraitzeko telebista erabiltzen dute gehienek, Internet da bigarren hedabiderik erabiliena informazio jarraitzeko, eta 2010az geroztik etengabe igotzen ari da. Online egunkariak dira azken boladan gehien erabiltzen direnak.

Informazioa gehiago

Albisteen kontsumoaren maiztasunari dagokionez, %40k duela bost urte baino albiste gehiago irakurri edo entzuten ditu, eta %20k, berriz, albisteen kontsumoa murriztu duela aitortu du. Horien artean, gehienek esan dute albiste kopuru handiarekin nekatuta daudelako kontsumitzen dituztela albiste gutxiago, beste batzuek denbora faltagatik, eta aldartean sortzen dituzten «ondorio negatiboengatik» albisteak kontsumitzeari utzi dionik ere bada.

 

Herritarrek hedabideak kontsumitzen jarraitzen badute ere, horiekiko konfiantza jaitsi egin da 2018tik. Garai hartan, 0tik 10erako eskalan 5,7ko konfiantza zegoen eta 2023an, 5,3koa. Konfiantza handiena ematen duen hedabidea irratia da; ondoren, paperezko prentsa eta telebista. Eta konfiantza gutxien Interneten idatzitako prentsak eta sare sozialek ematen dute.

Konfiantza jaisteaz gain, hamar biztanletik zortzik diote gutxienez hilabetean behin informazio faltsua topatzen dutela. Eta %51k adierazi du gaitasuna duela informazioa noiz den faltsua identifikatzeko. Gehienek diote ondo dokumentatuta egoteak ematen diola egiazkotasuna informazioari.