INFO

«Iazkoa hobetzeko» itxaropenez gainezka ekin dio Bilbao Basketek 2023/24 denboraldiari

«Meloi asko ireki behar ditugu», onartu du Jaume Ponsarnau entrenatzaileak, baina bai berak zein Rabaseda eta Rigo kapitainek pasa den urteko taldea gaindi dezakeela iritzi diote. Lantalde erdia falta eta ikusi egin behar ACB Liga eta FIBA Europe Cup lehiaketa nola uztartzen dituzten bilbotarrek.

Xavi Rabaseda baloiarekin, Renfroe irribarretsu eta jokalari gazteak lanerako prest. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Joan den ostiralean mediku azterketak gainditu ostean, astelehen honetan hasi da lanean Surne Bilbao Basket 2023/24 denboraldiari begira. «Meloi asko ireki behar ditugu, baina ilusioz gainezka irekiko ditugu. Itxaropena daukat talde oso ona osatuko dugula», laburbildu dio NAIZi Jaume Ponsarnau entrenatzaileak, lantalde erdia aldatu duen Bilbao Basket berri honek egin dezakeenari buruz.

Oraindik Ponsarnauren aginduetara lehen taldeko sei jokalari baino ez daude, izan ere: Alex Renfroe, Adam Smith, Alex Reyes, Tomeu Rigo, Xavi Rabaseda eta Unai Barandalla; gainontzeko jokalariak, Denzel Andersson eta Melwin Pantzar suediarrak, Kristian Kullamae estoniarra, Islandiako Tryggvi Hlinason eta Thijs de Ridder belgikarra «asteburu honetan edo beranduenez asteartean» batuko baitira lantaldera, Jaume Ponsarnauk adierazi duenez. Sacha Killeya-Jones «ostegunean lanean hasiko dela» espero du Tarregako entrenatzaileak, eta Georgios Tslampourisen kasuan, Greziako selekzioarekin Munduko Txapelketa ari da prestatzen eta hilaren 20ra arte, gutxi gorabehera, itxaron beharko du greziarrak abuztu amaieran Bilborantz ala Asiarantz egingo duen jakiteko.

Hargatik, goian aipatu sei jokalariez gain, harrobiko Elvis Ude, Eneko Salinero, Asier Fernandez, Iker Chacon, David Monge eta Kepa de Castro ariko dira beltzezko gizonekin lanean aurreneko aste hauetan.

Esan bezala, dena dago egiteko Bilbao Basket berri honetan. Ondorioz, iazko helburu nagusi berbera errepikatzea beste erremediorik ez du izan Jaume Ponsarnauk. «Hasteko, ACB Ligako 16 talde onenen artean sailkatu behar dugu. Aurrekontuei so eginez gero, 10 bat talde gure gainetik daude, baina gero ikusi egin beharko da zeinek asmatu duen taldea osatzeko garaian eta zeinek ez», azpimarratu du entrenatzaile katalanak.

Hala ere, nahiz eta «meloi» asko ireki behar, bere talde berri honi notarik altuena eman dio. «Egia da Ludde [Hakanson] eta Sule [Emir Sulejmanovic] gurekin geratzea zela gure nahia –Murtziara eta Zaragozara joan dira, hurrenez hurren–, baina gure gustuko taldea osatu dugu. Oso arin osatu dugu gainera; horrek esan nahi du ez garela azken orduan merkatuan zer egongo zain egon, baizik eta aurrez planifikaturiko taldea daukagula, gutxi gorabehera, eta atsegin dugula esku artean dugun hori», azpimarratu du.

Hakanson eta Withey taldetik joan ostean, jokamoldea neurri batean aldatu beharra onartu du. «Iaztik hona, barruko joko luzeagoa eta sakonagoa izateko aukera izango dugu, defentsan oldarkorrago aritzeko aukerarekin eta ez atzean zain. Erasoan, berriz, iaz ez genuen lortu, taldeak korrika egin dezala bilatu nahi dugu. Horrez gain, iaz postu guztietarako falta zitzaigun tamaina fisikoa, aurten badaukagu», gaineratu du Ponsarnauk.

Talde berriarekin oso pozik azaldu da ere Xavi Rabaseda kapitaina. Hegaleko katalanak 34 urte ditu eta eskarmentua sobera du aldez aurretik denboraldi gogorra datorkiela jakiteko. Baina, esan bezala, konforme baino gustura azaldu da taldea nola osatu den ikusita. «Iazkoa hobetu dezakegula esango nuke», onartu du Ripollen jaiotako jokalariak.

«Taldeak apustu bat egin du ACB Ligan lekua egin nahi duten jokalari batzuen alde. Melwin Pantzar, esaterako. Jaume Ponsarnauk aditzera eman duenez, «ACB Ligako talde askok nahi zuten» antolatzaile suediarra, baina «gugana ekartzea lortu dugu bereganako konfiantza beste inork baino lehenago erakutsi diogulako». «Eta orain, jokalari horiek iristen direnean, gure eginbeharra taldean uztartu daitezen lortzea izango da», azaldu du.

Horrez gain, «anbizioa» izan da Rabasedak azpimarraturiko beste kontzeptu bat. «Iaz denboraldi amaieran FIBAren Txapeldunen Ligatik kanpo geratu ginen gutxigatik eta gure anbizioa izan behar da iaz egin genuen hori hobetzen saiatzea. Pieza dezente aldatu ditugu, bai, baina trukean etorri direnak onak dira», ziurtatu du.

Entrenatzeko sasoia

Denboraldiaurreko neurketa gutxi jokatuko dituzte bilbotarrek. FIBAren Txapeldunen Ligatik at geratu dira, baina FIBA Europe Cup delakoan parte hartuko dute horren ordez. Lehiaketa horren lehenengo fasea urriaren 18tik azaroaren 22ra bitartean luzatuko da eta, ondorioz, bizkaitarrek astero Europako txapelketa honetako neurketa bat jokatu beharko dute sei aste horietan gutxienez. «Europako lehiaketek ez dute entrenatzeko astirik uzten behin denboraldia hasi eta gero. Ondorioz, denboraldiaurrea entrenatzeko eta gure jokoaren arauak behar bezala ezartzen joateko baliatu nahi dugu», ondorioztatu du Bilbao Basketeko teknikariak.

Hala, denboraldiaurreko aurreneko hitzordua Laredon izango dute beltzezko gizonek, hilaren 26an, ACB Ligara igo berri den Palentziaren aurka. Astebete beranduago, irailaren 2an, 19.45ean hasita, Iruñeko Navarra Arenan ariko dira Jaume Ponsarnaurenak Real Madrilen aurka, Nafarroako Saskibaloi Federazioak antolaturiko ‘Arena Basket’ saskibaloi ekitaldian.

Horren ostean, Portora abiatuko da talde bilbotarra, non hiru neurketa jokatzeaz gain, «talde dinamika errotu eta osatzeko» baliatuko duten Portugalgo egonaldia. ACB Ligari ekin aurretik, berriz, Euskal Kopako ohiko neurketa jokatuko dute bizkaitarrek Galdakaon, Saski Baskoniaren aurka, irailaren 15ean. Horren ostean iritsiko da ACBko aurreneko neurketa, irailaren 24an, 17.00etan, Natxo Lezkanoren Morabanc Andorraren aurka.

Europan zer egingo?

«Iritsiko gara Europara ere. Orain egin behar duguna lanari ekitea da. Ea zorterik daukagun lesioekin eta falta zaizkigun taldekideei beren selekzioetan onena opa badiegu ere, ea laster ditugun gurekin. Gainera, aurreneko jokatu beharreko txapelketa ACB Liga izango da eta horri heldu beharko diogu lehenbizi», azaldu du Jaume Ponsarnauk.

Alabaina, FIBA Europe Cup delakoan urrutira iristeko itxaropenik badu Tarregako entrenatzaileak. «Behin hartu nuen parte bertan eta badakit ez dela erraza izango. Faborito izan ala ez, egunean bertan lanak zuzen egin behar dira eta porrot batek lanak asko zailtzen ditu. Baina nolanahi, bizitza honetan badaude mementoak zeinetan zure burua faborito ikustea nahiko zenukeen, eta horrek Europari ilusioz begiratzera garamatza», gaineratu du ere.

«Europan jokatzeak badu kitzikagarritik. Azken batean, partida gehiago eta jokatzeko minutu eta aukera gehiago daude horrela», mintzatu da zentzu horretan Tomeu Rigo Bilbao Basketeko bigarren kapitaina.

Balear Uharteetako jokalaria 2018tik hona Bilbon ari da jokatzen, baina azken bi denboraldietan belauneko lesio larriek ez diote bakerik ematen. Behin osatuta, «jokatzeko amorratzen» dagoela onartzeaz gain, denboraldi «erakargarria» datorkiela iritzi dio.

«Entrenatzaileak nahi duen horretara ahal bait arinen eta ondoen egokitzea da orain gure aurreneko betebeharra, baina hori lortzeko kapaz garen heinean, jokoa errazago aterako zaigu eta horren ondorioz iritsi beharko dira emaitzak ere. Hori lortzeko talde ona dugula esango nuke. Aldaketa asko nozitu arren, multzo orekatua osatu dugula, alegia. Nire aldetik, lesioak atzean laga eta gero, lehiakor izatea da nire helburu nagusiena, eta lehiakortasun horretatik abiatuta, taldeari laguntzea», laburbildu du.