INFO

Konpartsen bultzada izango du Sareren mobilizazioak Bilbon: «Guztion artean lortuko dugu»

Bilboko jaien egun handian (hilaren 25ean, ostiralarekin) presoak etxeratzearen aldeko mobilizazioa egingo dute, aurten ere batera, Sarek eta konpartsek. Astelehen honetan aurkeztu dute.

‘Etxera’, Bilboko konpartsek Sarerekin partekatzen duten aldarria. (Monika del Valle | Foku)

«Etxera». Hau izango da datorren abuztuaren 25ean, 13.00etatik aurrera eta Eliptiko Plazatik irtenda, jaietan egongo diren Bilboko kaleak zeharkatuko dituen mobilizazioaren mezua, hitz bakar batean bildua. Astelehen honetan aukeztu dute Sarek eta Bilboko konpartsek, aurtengoan ere elkarrekin bultzatuko dutela aldarri hori.

Gainerako hiriburuetan ere honelako manifestazioak ari dira egiten, jaien testinguruan, arazo honetaz ohartarazteko. Iruñean Sanferminen bezperetan izan zen, Gasteizen Ama Zuriaren festen bigarren egunean, Donostian hurrengo larunbatean izango da (bertako Aste Nagusiaren azken egunetan), eta Bilboko hau, egun handian, ostiralean.

«Tamalez, oraindik mobilizazio hau deitu beharrean gaude, oraindik presoen eta iheslarien egoera normalizatzeko pauso asko eman behar direlako –nabarmendu dute Arriagan eginiko aurkezpenean. 34 urte baino gehiago eman ditugu urruntze politikaren amaiera eskatzen, ankerra eta gizagabea zelako. Baina urruntze politika hori gainditzeak ez du berekin ekarri euskal presoen eskubideen urraketaren amaiera, etxerako bidea oztopatzen duten salbuespen neurriak eta eskubide urraketak arau direlako oraindik».

«Etengabeak dira fiskaltzaren eta Auzitegi Nazionalaren erasoak, mendekuan oinarritutako jarrerak, konponbidea zapuztu eta herri hau iraganean iltzatu nahi dutenak. Horren adibide dira gure herrialdean azken hilabetetan eman diren gradu erregresioak» ekarri dute gogora.
Eta honako hau erantsi dute beste behin ere: Askotan esan dugu ez dugula inongo pribilegiorik eskatzen: Salbuespena indargabetu eta lege arrunta aplikatuz, euskal preso guztiak etxera bidean jartzeko unea da».

«Etxean nahi ditugu. Bai, ‘etxera’. Elkarbizitzan aurrera urratsak emateko, konponbidean jarri behar dugu preso, iheslari eta deportatuen auzia. Eta helburu hori errealitatea izan dadin, den denok behar zaituztegu. Guztion artean lortuko dugu!», amaitu dute.