INFO

Euskal Errepublikaren aldeko aldarria eginez hartu dute kargua EH Bilduko diputatuek

Kongresuko diputatuek Konstituzioari men egiteko izapidea igaro dute ostegun honetan, XV. legegintzaldiari hasiera ofiziala emateko. EH Bildukoek Euskal Errepublikaren aldeko aldarria eginez hartu dute kargua eta EAJkoek «lege-aginduz» formula erabiliz egin dute.

EH Bilduko diputatuak Kongresura sartzen. (EH BILDU)

Beste behin ere, diputatu batzuek Konstituzioari men egiteko aukeratu dituzten formulek PPren eta Voxen kexa eragin dute. Espainiar eskuineko alderdi hauek Francina Armengol Kongresuko presidente berriari eskatu diote diputatu batzuen onarpenak berrikusteko eta baliogabetzeko, edukiari edo hizkuntzari dagokionez ezarritakora egokitzen ez zirela iritzita.

Hain zuzen ere, Kataluniako eta Euskal Herriko alderdiek erabilitako formulengatik kexatu dira.

Euskaraz, katalanez, valentzieraz edo galizieraz, eta Kataluniako eta Euskal Herriko errepublikaren edo «errepresaliatu eta erbesteratuen» defentsan, baina baita «Espainia plurinazional edo feminista baten alde» ere, horrela izan dira diputatu batzuek aukeratutako formula.

Mertxe Aizpurua, Oskar Matute, Bel Pozueta, Jon Inarritu, Marije Fullaondo eta Iñaki Ruiz de Pinedo EH Bilduko diputatuek Euskal Errepublikaren aldeko aldarria eginez hartu dute kargua.

Aitor Esteban, Mikel Legarda, Idoia Sagastizabal, Maribel Vaquero eta Joseba Andoni Agirretxea EAJko diputatuek «lege-aginduz» formula erabili dute.

Esamolde bera erabili dute ERCko diputatuek, eta honako hau gaineratu dute: «Kataluniako errepublika lortu arte».

«Legeak aginduta, Kataluniako herriari eta Urriaren 1eko agintaldiari zor zaion leialtasunetik, eta errepresaliatu eta erbesteratu guztien defentsarekin konprometituta». Hori izan da Junts-eko diputatuek erabilitako formula.

Nestor Rego BNGko diputatuak bere herriaren subiranotasunaren alde egin du, galizieraz.

Armegolek defendatu du erabilitako «formula guztiak» bat datozela Erregelamenduaren 4. artikulurekin.