INFO

Euskara EBn ofizial egiteko proposamena zuhurtziaz hartu du Euskalgintzaren Kontseiluak

Euskalgintzaren Kontseiluak ohartarazi duenez, egungo «euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuaren aurkako oldarraldi judiziala etetea izan behar da mahai gainean dagoen aldarri nagusia».

Europako Parlamentuaren hemizikloa Estrasburgon. (EUROPA PRESS)

Euskalgintzaren Kontseiluak zuhurtziaz hartu du euskara, katalana eta galiziera Europako Batasuneko hizkuntza ofizial egiteko proposamena, euskararen normalizazioa azkartzeko lan egiten duten erakundeen eta eragileen bilguneak ohar bidez jakinarazi duenez.

Aste honetan, Espainiako Diputatuen Kongresuko Mahaia osatzeko negoziazioen baitan, hizkuntzen auziari lotutako hainbat elementuren berri izan da. Besteak beste, Gorteetan euskara, katalana eta galiziera hitz egin ahal izatea eta Europako Batasuneko hizkuntza ofizialak izan daitezen urratsak egitea. Horren harira, Kontseiluak bere balorazioa egin nahi izan du.

Kongresuan euskaraz egiteko neurriari dagokionez, Kontseiluaren iritziz, «berandu datorren» aurrerapauso «txiki» bat izango da, «eragin erreala baino sinbolikoagoa duena».

«Ez dezagun ahaztu, euskaraz bizi nahi dugun herritarron eskubideak bermatzeko bestelako lehentasunezko neurri batzuk badirela, gure eguneroko bizitzan eragina izango luketenak: Estatuaren menpe dagoen justizia administrazioan euskararen erabilera baimentzeko Botere Judizialaren Lege Organikoaren 231. artikulua aldatzea, edota azken aldian jasaten ari garen oldarraldi judizialari etena jarriko dioten neurriak hartzea, kasu», adierazi du.

Euskalgintzaren Kontseiluak nabarmendu du, momentuz behintzat, Kongresuko Mahaiko presidentearen borondatearen menpeko neurria dela, eta «bai borondatea baita presidentea ere» aldakorrak direla. «Ikusteke dago nola egikaritzen den eta zein neurri hartzen diren gutxieneko demokratikoen baitako auzi honetan erabakia iraunkorra izan dadin», gehitu du.

Aldarri historikoetako bat

Bestalde, euskara, katalana eta galiziera Europako Batasuneko hizkuntza ofizial egingo lituzkeen 1/1958 araudiaren aldaketa proposamenaren balorazio positiboa egin du Kontseiluak, beti ere, «oraindik onartu ez den neurri bati dagokion zuhurtziaz». Izan ere, hau bai, euskal hiztunen egunerokoan «eragin erreala» izango lukeen neurri bat da, eta Kontseiluaren «aldarrikapen historikoetako» bat.

Kontseiluak aitortu duenez, «ezer ospatu baino lehen, gogoratu behar da lehenik irailaren 19an Europako Kontseiluan aho batez onartu beharreko proposamena dela, eta orain arte ildo bereko proposamen guztiak hala onartu badira ere, ikusteke dagoela Batasuneko Estatu kide desberdinek zein posizio hartuko duten. Bereziki zalantzazkoa da oraindik ofizialtasunik aitortu ez zaien hizkuntza gutxituak dituzten herrialdeetako ordezkarien jarrera, Frantziako Estatua kasu, aurrekari garrantzitsu bat ezarriko bailitzateke».

«Azken hilabeteetako epaiketek eta Espainiako Konstituzio Auzitegiak Udal Legearen aurka emandako sententzian ikusi bezala, Euskal Herrian euskaraz bizi nahi duten herritarren hizkuntza eskubideak bermatuak izatetik urrun gaude oraindik. Beraz, dei egiten diegu euskararen eta hizkuntzaberdintasunaren aldeko herritar guztiei azaroaren 4an Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzera», adierazi du azkenik.