INFO

Urdaibaik harri batez bi kolpe eman ditu Zarauzko Ikurrina eta liga bideratuta utzirik

Galiziako azken bi estropadak ahaztuta, Urdaibaik bere bertsiorik onena berreskuratu du. Zarauzko banderaren lehian Orio izango du aurkari bihar. 'Mirotzek' ere erakustaldia eman dute bigarren txandatik. Ligara begira, Bermeok hiru puntu gehiago sartu dizkio Hondarribiari, eta beste lau Zierbenari.

Urdaibaiko trainerua, Gorka Aranberri patroiak gidatuta, Zarauzko estropadako ziaboga egiten. (Gorka RUBIO | FOKU)

Urdaibaik harri batez bi kolpe eman ditu XV. Zarauzko Ikurrina eta Eusko Label Liga bideratuta utzirik. Lehenari dagokionez, Bermeok Orio izango du aurkari bihar. 'Mirotzek' denboraldi honetan erakutsi ez duten aldartea izan dute gaur Zarauzko uretan, eta bigarren txandatik sekulako estropada osatu dute. Estropadako bigarren denborarik onena egin dute, eta bihar ohorezko txandan egingo dute arraun. Bandera eramateko lehian, Iker Zabalaren taldeak zortzi segundoko aldea defendatu beharko du 'Mirotzekiko'.

Bigarren kolpeari dagokionez, Eusko Label Ligako sailkapenari begira puntu uzta ederra lortu du Urdaibaik. Izan ere, Orio eta Donostiarra sartu dira Urdaibai, Hondarribia eta Zierbenaren artean. Beraz, 'Bou Bizkaia'-k sei puntuko aldea du 'Ama Guadalupeko' ontziarekiko, eta zortzikoa 'Galipo'-ekiko.

Urdaibaik, Galiziako bi estropadak ahaztuta, bere bertsiorik onena berreskuratu du, eta indar erakustaldia eman du. Pozik egongo da Gorka Aranberri Urdaibiko patroia, bere herrian nagusitasunez irabazi duelako Zarauzko Ikurrineko lehen jardunaldian. Bihar, gaur hasitako festa biribiltzea izango du helburu.

Iker Zabalak denboraldi honetan gehien errepikatu duen eskifaia atera du, eta, orain arte bezala, bigarren luzean hautsi du ohorezko txanda, laugarrenean errematatuta.

Lehen kaletik Donostiarra, bigarrenetik Urdaibai, hirugarrenetik Hondarribia eta laugarrenetik Zierbena. Horrela abiatu dira ohorezko txandako traineruak. Donostiarra hasi da aurretik, eta hari segida zeuden 'Ama Guadalupekoa' eta Bermeo. Zierbenari, laugarren kalea tokatu bazaio ere, Orioren kale berbera, hasieratik sufritu egin du.

Horrela iritsi dira lehen ziabogara eta bigarren luzea hasi orduko hautsi du txanda Aranberrik gidatutako ontziak. Txanda hautsi bai, baina Orio garaitu, oraindik ez. 'Mirotzen' denbora berdinean zihoazen. Bigarren ziabogan Jon Salsamendiren taldearen denbora baino bi segundo gutxiagoan iritsi da Zabalaren taldea.

Txandako aurkariak, berriz, dagoeneko urruti zituen Bermeok: Donostiarra seira, Hondarribia zortzira eta Zierbena 11ra. Hirugarren ziabogan ere Orioren pare iritsi da Urdaibai, baina orduan iritsi da benetako astindua. Laugarren luze osoan Oriori ia zortzi segundoko aldea ateratzeraino.

Ohorezko txandako ontziak oso urruti zeharkatu dute helmuga: Donostiarra izan da hirugarren trainerurik azkarrena, eta Urdaibai baino hemezortzi segundo beranduago iritsi da. Hondarribia laugarren hogeira eta Zierbena bosgarren 26ra.

Orio, bandera irabazteko lehian

Oriok ez du eman azken hitza, eta denboraldi gorabeheratsuari amaiera on bat eman nahi dio. On bat baino, ona baino hobea izango da, Zarauzko bandera prestigiotsua astintzen badu. Hitz handiak dira, ikusita Urdaibai dela aurkaria. Baina lehian sartuta daude 'Mirotzak' eta ikusiko da bihar gaurko aldarteari eusteko gai izango ote diren.

Bigarren txandatik estropada bikaina egin du Salsamendiren taldeak, estropada hasi eta buka. Laugarren kaletik egin dute arraun eta uneoro eroso sentitu dira Orioko arraunlariak.

Txandako bigarren traineruari, Getariari, hemezortzi segundoko aldea atera diote. Ez dute aurkaririk izan. Txandako hirugarrena Cabo izan da, eta Lekittarra azkena.

Lehen txandan Santurtzi izan da lehena, azken-aurreko postuari begira, lehia gehiago estututa. Samertolameu izan da bigarren, Ondarroa hirugarren eta Kaiku laugarren.

 

XV. ZARAUZKO IKURRINA

1. Urdaibai: 20:12.14

2. Orio: 20:20.30

3. Donostiarra: 20:20.40

4. Hondarribia: 20:32.92

5. Zierbena: 20:38.46

6. Getaria: 20:49.76

7. Cabo: 21:07.90

8. Lekittarra: 21:11.08

9. Santurtzi: 21:16.36

10. Samertolameu: 21:22.44

11. Ondarroa: 21:29.16

12. Kaiku: 21:31.20

 

EUSKO LABEL LIGAKO SAILKAPENA

1. Urdaibai: 152 puntu

2. Hondarribia: 146

3. Zierbena: 144

4. Donostiarra: 118

5. Orio: 106

6. Cabo: 87

7. Getaria: 83

8. Lekittarra: 70

9. Kaiku: 61

10. Ondarroa: 55

11. Santurtzi: 39

12. Samertolameu: 30