INFO

Piratak kanporatu ostean, bere onera itzuli da Donostia

Arratoiak gorde dira beraien estoldetan; iltzatu bezate betirako ohera erresakak. Donostiako Aste Nagusiaren akaberaren biharamunean, azkenean, egurastu da hiria. Pirata narrasak joan dira eta madame eta monsieur agurgarrien txanda da. Irrikitaldia da.

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément vidéo.


Hiriko idoloak agertuko zain ziren donostiar finak, gorbatak lepora estututa, zapela –eta ez txapela– ondo jarrita. Perlazko lepokoak, soineko beltz dotoreenak, pamelak eta ezpain gorriak jantzi dituzte andreek. Eta igo da Bulebardeko talaiara, azkenean, hiri honek eman duen ordezkaririk behinena. Txaloz hartu dute hiritarrek Eneko Goia, baita udatiarrek ere, eta zoratu da jende-ostea Piratek Aste Nagusian paseatzera ateratzen duten maskota, ipurdian ostiko bat emanda, kanporatu dutenean udaltzainek. Ezkila kapitainak ez dauka, jada, zereginik: Aste Nagusia bukatu da, Piratak gorde dira haien estoldetara eta itzuli da Donostia bere onera.

Belle époque-ko giroak haizatzen duen belaontzi hau ondoratuko duen Gladys orkarik ez da.

Donostiarrak Irrikitaldirako elegante jantzita. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
Donostiarrak Irrikitaldirako elegante jantzita. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Artega zen jendetza aurtengo Goia saria nork eramango jakin zain. Aurretik, ordea, beste lau urtez hiriaren lemazain izango dela ospatu nahi izan du alkateak: «Hauteskundeak irabazi ditugu! –txalo zaparrada bota dute fanek– Batzuek diote goia jo dugula, baina beraiek dituzte zailtasunak horretarako!» Alkateak eskerrak eman die zirraraz begira zituen hiritarrei, «desprestigio kanpaina» bortitza jasan badu ere, haiek salbatu dutelako EAJren tronua.

Haiek eta 2023ko Goia sariaren irabazleak. «PSErentzat da aurtengo saria!», egin du oihu Goiak, eta eman dio garaikurra Marisol Garmendiari. Nabarmen hunkituta, arrosa gorri XXL bat papar-hegalean erakusten, gerturatu du mikrofonoa ahora eta.... supituki agertu da Odon Elorza, donostiarren crush politikoa –«Odon! Odon! Odon! adoretu dute denak batean–, menekoak agurtzera. «Marisol, etorkizuna femeninoa dela esan zenuen, baina, Marisol, zer da generoa, ezpada eraikuntza soziala? E, Marisol?», esan dio arrosa gorriari. Marisolek, azkenean, lortu du mikrofonoa berreskuratzea eta bertso bat eskaini die donostiarrei: «Volver, con la frente marchita...»

Donostia heteroa, Heineken Donostia

Jose Ignacio Munillak gidatu du jendetza Santa Maria baselizara. ‘Padrenuestroa’ errezatu eta eku sakratu horretatik eman du urteroko sermoia, Donostia mehatxatzen duten arriskuez ohartarazteko. Oso kezkatuta agertu da obispoa. «Trans eta homosexualen kopurua gora egiten ari da». Jendearen marmarrak bat egin du kezkarekin eta Piratak eta gisako jendailaren astakeriak gaitzetsi ditu: «Han, Piraten bazkari solidarioan... transgenikorik ez! Transgenikorik ez eta transexualak bai? Zer ari da gertatzen?» Eskerrak eman die hiritarrei, heterosexualei, gutxienez bi seme-alaba dituztenei, familia tradizionalaren iragarritako desagerpenari aurre egiteagatik.

Munillak gidatu du hiritar zintzoen prozesioa Santa Maria baselizara. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
Munillak gidatu du hiritar zintzoen prozesioa Santa Maria baselizara. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Irrikitaldia ez da alferrikako festa, ez da «postureo ñoñostiara» pankarta batek jaso moduan, beti ateratzen dira Donostia etorkizunera garatuko duten hainbat proposamen bertatik. Hala, hasteko, etxebizitzen arazoari konponbide bat: Goiak aukeratutako hiritarrak Teruelera bidaltzea. Eta turismoa kontrolatzeko, beste irtenbide hutsezin bat: hondartzak bete direla ikusitakoan, karabela portugaldarrak askatu.

Hau guztia finantzatzeko modua ere pentsatu du jada Donostiako alkateak: ‘ticket bai’ jartzea Piraten txosnetan.

Bestalde, gaurkoan, parte-hartze ariketa itzela egin du Udalak donostiarrekin. Hiriaren txoko enblematikoenen izenak aldatzeko proposamena egin du eta ilusioz hartu dute hiritarrek. Hainbat aukeren artean txaloekin bozkatu dute; hala, aurrerantzean, horrela izendatuko dira Urgull, Haize Orrazia eta Kontxa: Urgull Heineken, Moyua-Amenabar Peine de los vientos eta La Concha Iberdrola.

Despedida tristeenarekin amaitu da 2023ko Irrikitaldia. Eman du pauso bat aurrera, hunkituta, horrenbeste urte Loiolako kuartelean eman dituen Guardia Zibilak, dozena bat «gracias» banatu die donostiarrei –«yo soy español, español», erantzun dute– eta sorbaldan jarri dio eskua Goiak: «Faltan botako zaituztegu».