Urdaibai geldiezin dabil, eta Zarauzko Ikurrineko bigarren estropada nagusitasunez irabazi du
'Bou Bizkaia' 33 segundorengatik gailendu da XV. Zarauzko Ikurrinean, atzo eta gaur nagusitasunez irabazita. Zierbenak egin du bigarren, bigarren txandatik denbora ona markatuta. Donostiarra hirugarren izan da. Bermeok ligan tartea handitu du: bederatzi puntura ditu Hondarribia eta Zierbena.
Urdaibaik beste erakustaldi bat gehiago eman du asteburu honetan: Zarauzko Ikurrineko bi estropadak irabazita, ligara begira beste 24 puntu lortuta, eta alde handiz gailenduta. Indartsuenak direla erakusten ari dira, egun batean bai eta hurrengoan ere bai. Zarauzko Ikurrineko bi estropaden denborak gehituta, 33 segundoko aldea atera dio Zierbenari. Irabazi bakarrik ez, nagusitasunez gailentzen da Bermeo.
Zarautzen bosgarren aldiz irabazi du Iker Zabalaren taldeak, eta pozik ikusi zaio Gorka Aranberri patroiari, bere herriko bandera prestigiotsua astintzen. Zierbenak egin du bigarren, bigarren txandatik denbora ona markatuta. Atzo bosgarren egin zuten 'Galipo'-ek eta ohorezko txandatik kanpo geratu dira gaur.
Hirugarren postua lortzeko lehia bizian aritu dira Donostiarra eta Hondarribia, baina, atzo bezala, 'Torrekua II' ontziak aurrea hartu dio 'Ama Guadalupeko' traineruari. Ohorezko txandan Orio izan da berritasuna gaur, atzo sekulako estropada egin baitzuten Jon Salsamendiren arraunlariek.
Gaur, ordea, ezin izan dute balentria hori errepikatu, eta zortzigarren posturaino erori dira. 'Mirotzek' ohorezko txanda arraun egin duten bakoitzean emaitzak oso kaxkarrak izan dituzte: Donostian hamargarren amaitu zuten, eta Lekeition zazpigarren.
Eusko Label Ligako sailkapenari begira, Urdaibaik beste pauso sendo bat eman du, Galizian, Zierbenaren garaipen bikoitzarekin, sailkapena asko estutu eta gero. 'Bou Bizkaia'-k bederatzi puntuko aldea du Hondarribiarekiko eta Zierbenarekiko. Hurrengo asteburuan jokatuko dira ligako azken-aurreko bi estropadak, eta, Kontxako Banderaren ondotik, ligako lehen zortzi traineruek jokatuko dituzte azken estropadak, Bermeon eta Portugaleten. Hor erabakiko da ligako txapelduna nor den.
Olatuen eragina
Ohorezko txandan Bermeo izan da jaun eta jabe, baina Zierbenaren denborari begira egon dira bermeotarrak. Izan ere, hirugarren luzera arte, 'Galipoak' aurretik zihoazen. Urdaibai lehen kaletik, Orio bigarrenetik, Donostiarra hirugarrenetik eta Hondarribia laugarrenetik aritu dira.
Donostiarra hasi da aurretik. 'Torrekua II' ontziak erakutsi du denboraldi osoan zehar hasieran aurkariak baino beste martxa bat gehiagorekin ekiten diotela estropadari. Bigarren luzean Hondarribiak Donostiarrari harrapatu dio, olatu ederra hartuta.
Urdaibai atzerago zihoan, baina lasai zegoen Aranberri patroia. Bazekien poparean sufritzea tokatu zitzaiela, gero, brankaz, ez bezala. Orio atzean geratzen hasi da, eta urrun ikusten zituen gainerako aurkariak.
Olatu on bat hartzen zuenak abantaila handia zuen; bai aurkariekiko aldea handitzeko, bai tartea murrizteko ere. Bigarren ziabogara pareko iritsi dira Hondarribia, Donostiarra eta Urdaibai. Eta hirugarren luzean, brankaz, hasi da aldea zabaltzen Zabalaren taldea. Hurrenez hurren, hamar eta hamabi segundora utzi ditu 'Torrekua II' ontzia eta 'Ama Guadalupekoa'. Eta, jadanik, Zierbena baino azkarrago zihoan 'Bou Bizkaia'.
Laugarren luzea bermeotarrena izan da, eta Aranberrik nahierara hartu ditu olatuak, jakinda bandera eta estropada haienak izango zirela. Atzetik, norgehiagoka polita zegoen Donostiarra eta Hondarribiaren artean, hirugarren postua nork eskuratuko.
Olatu on bat hartu, eta aurrea hartu, halaxe ibili dira amaierara arte, nahiz eta agian Donostiarra egon denbora gehiagoz aurretik. 'Torrekua II' ontziak beste urrezko puntu bat kendu dio Hondarribiari sailkapen nagusiari begira.
Samertolameu azkena edo azken-aurrena
Urdaibairen poztasunak, Samertolameuren tristurarekin bat egin du. Izan ere, Samertolameu azkena da sailkapenean, eta hamargarren sailkatua 24 puntu baino gehiagora du. Beraz, matematikoki sailkapeneko azken bi postuetako batean amaituko du liga. Hurrengo asteburuan jokatuko dira Eusko Label ligako azken-aurreko bi estropadak, eta ondoren, kanporaketak jokatuko dira. Ligako azken sailkatua zuzenean jaitsiko da Eusko Label Ligatik, eta azken-aurrekoak kanporaketak jokatu beharko ditu, mailari eusteko.
XV. ZARAUZKO IKURRINA
1. Urdaibai: 19:58:56
2. Zierbena: 20:04.92
3. Donostiarra: 20:16.30
4. Hondarribia: 20:17.60
5. Getaria: 20:27.30
6. Lekittarra: 20:27.74
7. Cabo: 20:31.80
8. Orio: 20:34.12
9. Ondarroa: 20:50.97
10. Santurtzi: 20:53.61
11. Kaiku: 20:54.89
12. Samertolameu: 21:15.15
EUSKO LABEL LIGAKO SAILKAPENA
1. Urdaibai: 164 puntu
2. Hondarribia: 155
3. Zierbena: 155
4. Donostiarra: 128
5. Orio: 111
6. Cabo: 93
7. Getaria: 91
8. Lekittarra: 77
9. Kaiku: 63
10. Ondarroa: 59
11. Santurtzi: 42
12. Samertolameu: 31