INFO

Osakidetzak Donostiako garbitzaileen greba eskubidea urratu zuela ontzat jo du epaitegiak

Osakidetzak garbitzaileen greba eskubidea urratu zuela jakitera eman du ELA sindikatuak. Donostiako Lan arloko 4. epaitegiak ebatzi du Optima enpresak, Osakidetzaren azpikontratak, greba eskubidea ez zuela errespetatu langileak oporrak hartzera eta greba deialdia uztera behartu zituenean.

Osakidetzak garbitzaileen greba eskubidea urratu zuela adierazi du ELAk (Jaizki Fontaneda | Foku)

Donostiako Lan arloko 4. epaitegiak ebatzi du Osakidetzak garbitzaileen greba eskubidea urratu zuela, ELAk jakinarazi duenez. Ekainean ELAk Osakidetzaren azpikontrata den Optima enpresako garbitzaileen greba deitu zuen. Uztailean enpresak greba deialdia bertan behera uztera eta oporrak hartzera derrigortu zituen langileak.

Oraingoan, epaitegiak ebatzi du enpresak langileen greba eskubidea urratua izan zela. Hori dela eta, garbitzaileak opor horiek hartzeko aukera izango dute eta ELAk 10.000 euroko kalte ordaina jasoko duela jakinarazi du sindikatuak.

Sindikatuak azaldu duenez, langileek urteko egutegian uztaila eta abuztuan ezarrita zituzten oporraldiak. Hala ere, uztailean langileek greban jarraitzen zutenez, enpresari jakinarazi zioten grebarekin jarraituko zutela eta ez zituztela oporrak hartuko. Hala ere, enpresa oporrakhartzera behartu zituen.

«ELAk oso positiboki baloratzen du epaiketa honen emaitza, greba eskubidea kasu guztietan defendatu behar den eskubidea baita», nabarmendu du sindikatuak. Greba eskubidea «berebiziko tresna» dela adierazi du, horrela lortu baitira garaipen asko historian zehar.

Horretaz gain, sindikatuak duen «erresistentzia kutxaren» beharrezkotasuna balioan jarri du beste behin ere: «Erresistentzia kutxari esker langileek grebari eutsi diezaiokete, eta beraz langileek ez dute euren oporraldirik galtzen greba dela-eta». Askotan, baliabide hori izan ezean, langileak oporrak hartzera behartuak ikusten direla adierazi du ELAk.