INFO

Lurdes Luke eta ikurriña omendu dituzte Bilboko Konpartsek

Goizeko txupineren bileran egin duten bezala, Lurdes Luke gogoratu dute Bilboko Konpartsek ostegun honetan, ekitaldi txiki batean. Jarraian, ikurrinari omenaldia egin diote Arriaga plazan, Aste Nagusiko ostegun honetan.

Konpartsakide batzuek hartu dute parte ikurriñari omenaldian. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Arratsalde hunkigarria Aste Nagusian. Lurdes Luke 2002ko txupinera eta Bilboko Konpartsak Federazioko presidentea gogoratu dute konpartsek ostegun honetan. Gainera, Arriaga plazan ikurriñari ohikoa den omenaldia egin diote.

Lehenengoa Lukeri eskainia izan da, eta ekitaldian Kirmen Uribe idazleak, Lukeren konpartsakideek eta Jai Batzordeko lagunek hartu dute parte. Arriaga plaza konpartsen kamisetaz bete da, eta ekitaldiaren amaieran lore sorta bat eman diete senideei.

Testu bat irakurri du Uribek, Lurdesekin bizi izandako pasadizo batzuk gogoratuz, berak oparitutako Satorrak Konpartsaren kamiseta jantzita. «Luke, argi zenuen iraultza txikietan zegoela gakoa. Mundua aldatzeko keinu txikiak behar direla. Bestela, ez dute funtzionatzen», esan du Ondarroako idazleak Lukek defendatzen zuen jai ereduari buruz. «Jarrai dezan zure irakaspenak, Luke. Jarrai dezan jaiak. Keinu txikien atzetik, badatoz amets handiak», bukatu du.

Lurdes Lukeren senideak omenaldian egon dira. (BILBOKO KONPARTSAK)

Lurdes Luke gogoan izan dute, halaber, goizean Aste Nagusiko ostegunero txupinera izan diren emakumeak batzen dituen bileran. Luke, 2022ko azaroan hil zena, 2002an txupinera izan zen, Satorrak Konpartsako konpartsakidea eta Bilboko Konpartsak Federazioko presidentea.

Ikurriñari omenaldia

Beste omendua ikurriña izan da. Konpartsa guztietako kideek egin diote harrera Arriagako plazan, eta horietako batzuek aurreskua dantzatu dute haren omenez. Aiora Renteria pregoilariarekin batera, Izaskun Pinedo txupinerak txupin bat jaurti du Bilboko zerura, bandera historikoa berriz ere txosnen gainetik dagoela ospatzeko.