INFO

55. Nafarroako Artzai Eguna ospatu dute Uharte-Arakilen

Uharte-Arakilen ari dira ospatzen 55. Artzai Eguna. Nafarroako Ardi Latxen esne gordinarekin egindako 42. gazta lehiaketa Kortaria-Infernuko Gasnak (Lekarotz) irabazi du. Arratsaldean egingo da artzain txakur lehiaketa.

Ardiak, Artzai Eguneko protagonistak. (Iñigo Uriz | FOKU)

Igande honetan ari dira ospatzen 55.Nafarroako Artzai Eguna Uharte-Arakilen. Inguruko abeltzainen enkontrua izaten da urtero abuztuan, artzain mundua ezagutze erakusketak, azoka eta  lehiaketa ezberdinak izan dituzte. Eguraldi txarra egin badu ere, herritar andana gerturatu dela esan dute antolatzaileek.

Goizean zehar izandako txapelketetan ospe handiena duena Nafarroako Ardi Latxen esne gordinarekin egindako 42. gazta lehiaketa izaten da, eta bertan Kortaria- Infernuko Gasna (Lekarotz) izan da garaile. Enkatean gazta irabazleak 4.750 euroko balioa izan du eta Castillo de Gorraizek eraman du. Esne gordinarekin egindako gaztaren bigarren saria Nerea Olazaranek, Neregaztak (Zudaire), eskuratu du. Eta hirugarrena Ricardo Remirok (Eulate).

Nafarroako Ardi Latxen 38. erakusketa eta esne ekoizpenaren lehiaketa ere igande goiz honetan jokatu dira. Ardi helduetan aurpegi otxardunetan irabazlea Nerea Nortalena izan da, Arraiotzekoa. Aurpegi belzdunetakoa, aldiz, S.C Irigoien (Arizkun). Bestalde, bildots aurpegi otxardunetako Lourdes Etxenikek (Ituren) eskuratu du lehen postua, eta aurpegi belzdunetan S.C Irigoienek;  «esplotazio onenaren saria» ere berak irabazi du.

Ardi moztaileen 34.txapelketan, berriz, Joseba Ugalde gailendu da, Lekeitiarra. Lauren Parisek (Azparren) eta Pablo Iturbidek (Aldunate) egin dute bigarren eta hirugarren txapelketa honetan.

Ardiki lehiaketan Gure Etxea elkartea gailendu da, Etxarri Aranatzekoa. Txapel Azpi elkartea (Irañeta), Gazteluleku elkartea (Iruña), Catering Zubillaga (Egozkue) eta Aralar-mendi elkartea (Uharte-Arakil), geratu dira sailkapenaren hurrengo postuetan.