INFO

‘CórrELA’ lasterketaren bigarren edizioa antolatu dute irailaren 10erako Gasteizen

ADELA Araba elkarteak antolatuta, alboko esklerosi amiotrofikoaren inguruko sentsibilizazioa sustatzeko eta gaixoentzako funtsak biltzeko ’CórrELA’ lasterketaren bigarren edizioa egingo dute Gasteizen, hiru modalitate izango dituena.

Ostiral honetan aurkeztu dute lasterketa Gasteizen. (Gasteizko Udala)

‘CórrELA’ lasterketa inklusiboaren bigarren edizioa egingo da Gasteizen datorren irailaren 10ean. ADELA Araba elkarteak antolatu du ekimena, Gasteizko Udalaren laguntzarekin, eta helburua alboko esklerosi amiotrofikoaren gainean sentsibilizatzea eta Arabako gaixoen eta haien familien beharrei erantzuteko funtsak biltzea izango da.

Gasteizko Udaleko eta Arabako Foru Aldundiko zenbait ordezkarik ostiral honetan egindako aurkezpenean azaldu dutenez, Arka plazatik abiatuko da lasterketa eta hiru modalitate izango ditu: bost kilometrokoa, hamar kilometrokoa eta elkartasun martxa.

Dortsalak eta kamisetak 9.30ean banatuko dira, ordubete beranduago bost eta hamar kilometroko lasterketak hasiko dira, eta 12.30ean elkartasun martxa. Sari banaketa 13.00etatik aurrera izango da eta umeentzako jarduerak egongo dira goiz osoan zehar haurren txokoan.

Parte hartzeko interesa dutenek webgune honetan eman dezakete izena; 15 euro ordaindu beharko dute hamar kilometroko lasterketaren kasuan, 10 euro bost kilometrokoarenean eta bost euro elkartasun martxarenean. Lehenengo 700 izen-emateek ‘CórrELA 2023’ kamiseta jasoko dute, eta egunean bertan banatuko zaizkie, Arka plazan, lasterketaren aurretik. Gainera, lagundu nahi duten baina egun horretan parte hartu ezin dutenek dortsal solidarioa erosi ahalko dute 5 euroan.

Diru bilketa

Ekimenean bildutako dirua ADELA Araba elkarteak ahalbidetzen dituen gaixoentzako eta familientzako errehabilitaziora (fisioterapia eta logopeda), erosketetara eta laguntza teknikoen mailegura, arreta psikosozialera, orientaziora, laguntza emozionalera eta elkar laguntzeko taldeetara bideratuko da.

Elkartearen xede nagusia bere zerbitzu guztien doakotasuna bermatzea da, pertsona guztiei irisgarritasuna eta arretarako eta zaintzarako tratu berdintasuna garantizatu ahal izateko, haien bizitzako baldintza pertsonalak edozein direla ere.

Gainera, aurten enpresek kilometroak erosteko aukera izango dute eta hamar kilometroko lasterketako zati baten babesleak izan ahalko dira. Oraindik aukera dago ekimen berriarekin bat egiteko, nahi izanez gero, elkartearekin harremanetan jarriz 688 77 19 35 telefono zenbakiaren edo adelaalava@gmail.com posta elektronikoaren bitartez.

Alboko esklerosi amiotrofikoa

Nerbio sistema zentraleko gaixotasun bat da alboko esklerosi amiotrofikoa, gazteleraz ELA akronimoarekin ezaguna, eta neurona motorrek pixkanaka jasaten duten endekapena du ezaugarri nagusi. Horren ondorioz, muskuluak ahuldu egiten dira paralisia jasateraino, gorputzeko atal batzuetatik beste batzuetara zabalduz.

Gaitzak pertsonen autonomiarako oinarrizko gaitasunak narriatzen ditu. Ibiltzea, artikulazioak mugitzea, hitz egitea, irenstea eta arnasa hartzea ere geroz eta zailagoak eta ezin gauzatuzkoak bihurtzen dira.

Gaixoek gero eta laguntza eta kanpoko zaintza gehiago behar izaten dute eguneroko bizitzarako eta biziraupenerako. Haien gaitasun fisikoak urritzen joaten dira eta mendekotasuna areagotu egiten da; halere, egoera kognitiboan ez du eraginik, eta hortaz, prozesuaz kontziente dira une oro.

Egun ez dago gaixotasunarentzako tratamendurik, eta batez besteko bizi itxaropena hiru eta bost urte bitartekoa da lehen sintomak hautematen direnetik. EAEn 200 kasu berri hautematen dira urtero, eta Araban 40 pertsona diagnostikatzen dituzte urtero.