INFO

Benetako euskal oasian, ultraeskuinari urik ez


Euskal Herrian politika mailan adostasun gutxi dagoela esatera ohituak gara, baina akordio handi bat sortu da aspaldi, eta azkeneko hauteskundeetan indartu egin da. Ez da alderdiek solemnitatez sinatutako hitzarmen bat, ezta erakundeek beren propaganda-sistema eraginkorren bidez zabaldutako lelo bat ere, herritik eta era transbertsalean eratutako kontsen-tsua baizik. Duela zenbait hamarkada eraikia eta egun zutik segitzen duena. Jende garaiezinaren herrixka gisa definitu zuen La Polla Recordsen kantuak herri hau, edabe magiko bakartzat garuna zuena, eta, arlo honetan behintzat, horrelakoa da gaur.

Vox-ek zinegotzi bakarra eskuratu zuen lurralde osoan maiatzaren 28an, San Adrianen. Uztailaren 23an, diputaturik ez, eta gainerako eskuin espainiarrek ere gutxi, lau guztira (hiru PPk, bat UPNk). Emaitza hauek testuinguru egokian jartzeko, aipa daiteke Katalunian 120 zinegotzitik gora eskuratu zituela ultraeskuinak udaberriko udal hauteskundeetan, edo PPk urdinez margotu zuela ia Espainiako mapa osoa uztailekoetan. Iberiar Penintsulatik kanpora begiratuz gero, alderaketa berdina, harrotasun bera: Estatu frantsesean, Italian, Hungarian, Suedian, Finlandian… gertatzen ari den lurrikarak ez du gurean astindu txikienik ere eragin.

Bai, euskal oasia bada. Galde diezaietela bestela Abascali eta Nuñez Feijoori, edo lehen Le Pen eta Aznarri, edo lehenago Franco eta Juan Carlos Borboikoari. Enbatak gogor jotzen segituko du, hala ere, kostalde hauetan, balore ultrak nonahi gorantz doazelako, indibidualismoa, ezjakintasuna eta beste zenbait aldagaik aurrera egiten duten neurri berean.

Euskal Herria berez ultraeskuinaren aurka txertatuta dagoela pentsatzea inozoa litzateke. Bistan da Gernikako sarraskitik hona halako genetika antifaxista bat garatu duela euskal jendarteak, baina erresistentzia hori elikatu eta gaurkotu egin behar da etengabe, belaunaldiz belaunaldi. Eta gertatzen ari da; gaur ultraeskuinari stop esateko erabiltzen diren argudioak ez dira talka armatuaren aroan funtzionatzen zuten berdinak, baina emaitza bai, berdina da. Erresistentzia hori ez da jada iraganeko erreferentzien gainean errotzen, etorkizunari begiratzen dio. Aitona-amonek, seme-alaben sufrikarioa baino, seme-alaben askatasun eta eskubideak bermatzea du ardatz.

Eskuin horri zirrikitu guztiak ondo ixtea eguneroko lana izan beharko da, beraz, hemendik aurrera ere. Bi esparrutan erne izanik eta zorrotz jokatuz. Hasteko, ekinbide politikoan; indar horiekiko akordioak saihesteak berebiziko garrantzia du, herriak ematen ez dien zilegitasuna ordezkari politikoek oparitu ez diezaieten. PPrekin zenbait erakundetan izandako akordioen ostean, horra hor jada lehenengo ahotsak Feijooren bidaide baino gehiago den Voxi larritasuna kendu nahian, Pradera Bizkaiko ahaldun nagusi ohia kasu.

Borroka ideologikoan tinko segitzea ere nahitaezkoa da. Autoritarismoari ematen ari zaion oihartzuna, batez ere, kezkagarria da oso. Aste Nagusian delitu gutxiago gertatu den arren, atxiloketa gehiago egin dituztelako pozik entzun dut Bilboko alkatea. Eta astebete lehenago kexu Donostiakoa, bere menpe diren poliziakideek atxilotutako pertsonak epaileek ez dituztelako kartzelatzen. Abascalek ez lituzke esaldiok Aburtok eta Goiak baino garbiago adieraziko. •