Peña eta Rezustak Masterseko finalerdietara zuzenean sailkatzeko aukerekin jarraitzen dute
Altuna III.a eta Imazi 20-22 irabazi diete Lekeition eta ligaxkako lehen postuan kokatu dira bihar Antzuolan jokatuko den demaren zain. Ezkurdiak eta Mariezkurrenak Larrazabal eta Zabaletaren aurka irabazten badute, haiek lortuko dute txartela, bestela Peña eta Rezusta izango dira lehen sailkatuak.
Jon Ander Peñak eta Beñat Rezustak Caixabank Masterseko laugarren puntua eskuratu dute Lekeition Altuna III.a eta Imazi 20-22 irabazita. Emaitza horri esker, sailkapeneko lehen postuan kokatu dira, nahiz eta bihar Antzuolan jokatuko den neurketaren zain egon beharko duten finalerdietara zuzenean sailkatzen diren ala ez jakiteko. Bihar Ezkurdiak eta Mariezkurrenak Larrazabal eta Zabaletaren aurka irabazten badute, haiek lortuko dute txartela, bestela Peña eta Rezusta izango dira lehen sailkatuak.
Lekeitiokoa ez da bete-beteko partida izan, nahiz eta tanto ederrak izan dituen, eta baita emozioa ere amaierara arte. Baina une askotan laukoteari kosta egin zaio erritmoan sartzea. Kontuan izan behar da Jokin Altuna eta Beñat Rezusta ostiral gauean Donostiako Torneoaren finala jokatzetik zetozela, eta hori nabaritu egiten da uda sasoi honetarako.
Markagailua oso parekatuta joan da demaren lehen erdian. Atzean Rezusta Imaz baino zuzenago ari zen, baina aurrean Altuna Peña baino inspiratuago. Gauzak horrela, tanto trukaketa etengabea izan da gorriek abantaila nabarmena hartu duten arte.
Jokin Altunaren erremate ederrak baliatuz –asko asmatu du horma-bikoarekin eta guztira 10 izan ditu jokoan eginak–, eta Rezustaren une txarrena gehituta, gorriak 17-12 aurreratu dira markagailuan. Ikuskizuna ez zen Santi Brouard pilotalekuko harmailetan bildutako 700 pilota zaleen gosea asetzen ari.
Baina urdinak oso azkar ibili dira, eta une horretan atseden bat eskatu dute, 18koan egiten denari itxaron gabe. Eta aulkitik indarberrituta itzuli dira kantxara. Hiru tanto segidan eginez, bira hurbildu dira (17-15), eta frontoiak beste tenperatura bat hartu du.
Azken txanpa horretan, Beñat Rezustak sekulako pilotakadak jo ditu –nabarmentzekoa 20-18koa, beste edozein pilotalekutan zuzenean errebotera joango zena–, eta Jon Ander Peñak ere asko asmatu du aurrean, airez erremate bikainak sinatuz. Azken bost tantoak jarraian egin dituzte eta 20-17tik 20-22ra joan dira.
«Emaitzarekin pozik, baina jokoa tramoka joan da. Hasieran ongi hasi naiz, bukatu ere ongi egin dut, baina erdialdean arazo gehiago izan ditut. Atsedenetan saiatzen gara gaizki egiten ari garenak zuzentzen. Ez da erraza izaten atzetik joanda egoerari buelta ematea, baina gaur lortu dugu», adierazi du Beñat Rezustak partida amaieran.
Jon Ander Peña ere pozik zen garaipenarekin: «Horrelako bikote baten kontra atzetik joan eta partidari buelta ematea ez da batere erraza. Horregatik nago pozik, gauzak zail jarri arren lanean jarraitu dugulako eta ez dugulako amore eman. Une batzuetan kosta egin zait jokoan sartzea, baina bigarren zatian gehiago asmatu dut eta pozik noa».
FITXA
Pilotakadak: 646. Partidaren iraupena: 73 minutu. Markagailua: 2-0, 2-4, 5-4, 5-6, 6-6, 6-7, 10-7, 10-8, 11-8, 11-10, 12-10, 12-11, 14-11, 14-12, 17-12, 17-15, 18-15, 18-16, 19-16, 19-17, 20-17 eta 20-22. Sakez eginak: 2 Peña II.ak. Faltak sakez: 1 Altuna III.ak. Jokoan eginak: 10 Altuna III.ak, 1 Imazek, 9 Peña II.ak eta 1 Rezustak. Galdutakoak: 3 Altuna III.ak, 6 Imazek, 4 Peña II.ak eta 5 Rezustak. Gertaerak: 700 pertsona Lekeitioko Santi Brouard pilotalekuan Caixabank Mastersaren bosgarren jardunaldiko neurketa ikusteko.
Eguraldiarekin arazoak
Lekeition ez du inolako arazorik sortu euriak, baina Berriozarren gaur ospatzekoa zen jaialdia bertan behera gelditu da pilotalekuan ura sartu delako. Jaialdia beste egun batean antolatuko dute eta sarrera erosita zutenek ezin badute joan dirua berreskuratzeko aukera izango dute.
Bestalde, Antiguako torneo ospetsuaren finalak ere bertan behera gelditu dira pilotalekura ura sartu delako.