INFO

Espetxetik EHUn ikasteko bide «normalizatua» ixtear

Eskuartean dute jada hitzarmenaren zirriborroa, baita ixteko borondate politikoa eta konpromisoa ere. EHUk eta Lakuako Gobernuak presoek bertako unibertsitatean ikasteko aukera sinatuko dute. 2003az geroztik ezin zuten EHUn matrikulatu, iaz ireki zen aukera, eta hitzarmenak «normalizazioa» lekarke.

Zaballako espetxearen inaugurazioko irudia; liburutegia ikusten da bertan. (Juanan RUIZ | FOKU)

«EHUko ikasketak primeran, hitzarmena izateko bazen garaia eta esango nuke ate batzuk zabalduko dizkigula martxan hasten denean. Kurtso honetan, espetxearen aldetik ez dugu batere erraztasunik izan; azkenean, EHUkoekin harremanetan jarri direnean, eta azterketak egin behar zirela esan dutenean, ez da inolako eragozpenik izan. Hasiera batean espetxeko koordinatzaileak deialditik kanpo utzi nahi ninduen. ‘Se ha matriculado a su cuenta y riesgo, y se tiene que buscar la vida’… baina bueno, arazorik gabe egin ditut azterketak».

Lau pareten arteko ikasle batek Jon Urrusolori bidalitako gutun zatia da, Etxerateko Ikasketa Taldeko kidea da Urrusolo, eta EHUk Lakuarekin egin duen hitzarmena da lagun presoak aipaturikoa. Espetxearen eskumen aldaketaz geroztik, EHUn ikastea «normalizatzeko» urratsak lantzen ari dira, hitzarmena ere idatzirik dute dagoeneko, azken sinadura falta da, eta laster izatea aurreikusten dute. Barrukoek zein kanpokoek «jakin-minez eta ilusioz» begiratzen diote zabalduko den ateari. Halere, bost ikasle daude Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako espetxeetan matrikulatuta, eta bakarra Parisen; mesfidantza ere badute, zerbait berria denez, ez baitakite nolakoa izango den.

2022-2023ko ikasturteaz geroztik, presoak EHUn ikasteko aukera ireki zen; baina hitzarmen ofizialik ez dute oraindik. Basauriko, Martuteneko eta Zaballako espetxeei egiten die erreferentzia aurre-hitzarmenak, Iruñeko espetxea, Madrilgo Justizia Sailaren esku egonik, ez baitu bere barnean biltzen. Beraz, ez Lakuaren ez EHUren borondateak ez die balio Iruñeko presoei, Madrilen eta UPNAren arteko elkarrizketa baten esperoan egon beharko dute, eta ez du laster izango denaren itxurarik.

Hitzarmenaren zirriborroa eskuetan du Urrusolok, eta epe laburrean sinatu eta datorren matrikulaziorako martxan egotea espero du. «Ondo goaz, urrats oso handia da, salbuespenezko neurrietan beste desaktibazio bat da, beste normaltasun batera, aurrera urratsak egitea da. Presoak pozik daude, bide onean doazela ikusten dutelako».

20 urte ezin ikasirik

Aldaketak orain datozela esaten bada ere, aldaketa 2003an gertatu zen, ordura arte presoek EHUn ikasteko aukera baitzuten. 2003a «katebegi» bezala izendatzen du Ikasketa Taldeko kideak, ordea: «Lehendabizi kanpaina mediatikoa erabili zuten, eta euskal presoek EHUn ikasteko pribilegioa zutela hasi ziren salatzen, baldintza hobeak zituztela eta abar, kanpaina komunikatibo hutsal bat... baina ondoren, trikimailu legal bat jarri zuten martxan». Espetxe politika legearen erreformaz ari da, erreforma haren helburu bakarra euskal presoei EHUn ikasteko eskubidea kentzea zen, Urrusoloren arabera. Eta erreforma horren ondorioz, Espainiako espetxeetako preso guztiak urruneko unibertsitatean, UNEDen, ikastera behartu zituzten. Beste aukera Madrilgo espetxe zuzendaritzak presoei eskaintza egin nahi zien unibertsitate bakoitzarekin hitzarmenak sinatzea zen, eta bistan denez, ez zen hitzarmenik egin.

EHUk zenbait errekurtso jarri zituen garaian, Lakuako gobernuak ere 2006an eta 2011n gutxienez eskatu zion Madrili hitzarmena sinatzeko; eta erantzunik ez. 2011ren bueltan, sententzia baten ondorioz, Frantziar estatuan zeuden presoek EHUn ikasteko eskubidea berreskuratu zuten; «kontraesan handia» izan zen hura Urrusoloren arabera, eta garai hartan sortu zen egun EHUk presoentzat duen protokoloa. «Presondegietako ikasleen harrerako zerbitzua» izeneko ataria dago EHUko webgunean, 2005. urtean sortu zen, eta bertan jasotzen da «presondegietan diren pertsonei buruzko» protokoloa. Matrikulaziorako, tutoretzetarako eta materiala jasotzeko egin beharreko pausoak eta harremanetarako helbideak daude bertan. Protokoloaren eranskinean ikasturte bakoitzean eskuragarri dauden graduak eta masterrak biltzen dira eta, Ikasketa Taldeko kidearen arabera, urtetik urtera aldaketak egiteko ez dute oztoporik jarri orain artean; presoek gradu edo master zehatzen bat ikasi nahi izan dutenetan, eskaria egin eta eskuragarri jarri baitute. Esate baterako, 2024-2025 ikasturterako Kazetaritza gradua eskuragarri jartzeko eskatu dute, ez baitago oraingo eskaintzan, eta, dena ondo bidean, barrote artetik ere ikasi ahalko da kazetaritza.

«Orokorrean jarrera proaktiboa du EHUk», aitortu du Urrusolok. Eta espetxe eskumenaren aldaketarekin borondate politikoa gauzatzen ari dela gaineratu. «Bestelako jendarte bat nahi baldin badugu, denontzat hobea, justizia sozialean oinarritua… espetxean ere aldaketak eman behar dira horretarako», eta Urrusoloren iritziz, ikasketa prozesua, bergizarteratzerako, oso garrantzitsua da.

Martuteneko lehendabiziko preso unibertsitarioak euskal presoak izan ziren, eta horri garrantzia ematen dio Urrusolok; izan ere, euskal presoen izaerak gainontzeko kolektiboei ere onurak ekarri dizkiela kontatzen du, baita alderantziz ere. «Hitzarmen honek aukera emango die preso guztiei EHUn ikasi ahal izateko. Euskaltegiak bertan jartzeak ekarri du beste presoek ere euskara ikastea. Orain arte egon ez den aukera zabaldu denean, subjektu politiko bezala presoak hasi dira esaten beraien garapenerako behar dutela euskaraz ikasi, ikasketak izan. Elkar elikatze horretan, ikasketen alorrean, euskal presoak ari dira ekarpena egiten», azaldu du.

Lakua ematen ari den hausnarketaren barnean ulertu behar da hitzarmen hau ere. Ikasketa Taldeko kidearen ustez, oraindik «eredu punitiboaren» barruan jokatzen dute espetxeek, baina gizarteratzeko tresna bihur dadin aldaketa esanguratsua izan daiteke ikasketena, Etxeraten arabera.

Oztopoak, baino gakoak

Bidea urratzen ari badira ere, oraindik oztopoz beteta dago. Izan ere, espetxea oraindik ez dago ikasketetarako prestatuta, ez azpiegitura aldetik eta ezta baliabide aldetik ere. Hitzarmenaren zirriborroak jasotzen du tutoreen bisitak eta deiak EHUk espetxearekin batera arautu beharko dituela. Hitzarmena martxan jartzerakoan, «modu normalizatu eta arautuan» egin beharko da, eta horrek suposatuko du ikasketekin lotutako deiak ez direla kontatuko presoen zerrendako dei bezala. Gela birtualetarako sarbiderik ere ez dute, gaur egun guztia fotokopietan sartzen diete, baina hitzarmenaren zirriborroaren arabera, gela birtualerako sarbidea izango dute; eta horretarako jada Zaballako espetxean azpiegiturak egokitzen ari direla diote zurrumurruek.

Titulua eskuratzeko, ezinbestekoa izaten da praktikaldia egitea. Zenbait kasutan ezinezkoa zaie oraindik, baina pixkanaka leiho horiek ere irekitzen ari dira. Urrusolok pare bat adibide ditu buruan: «Bigarren Hezkuntzako irakasle izateko masterra hasieran ezin zuten amaitu, praktikaldia ez zutelako egiten, baina eskaera bat egin genuen praktikaldia espetxe barnean egin daitekeela esanez, badaudelako Bigarren Hezkuntzako ikasleak. Eta onartu zuten, zirrikituak etengabe bilatuz sortzen dira aukerak».

Hitzarmenak jasotzen duen beste gakoetako bat bekena da. Izan ere, egun, ikasleek ikasketak ordaindu behar dituzte inolako beka aukerarik gabe; baina hitzarmenak jasotzen duenaren arabera, sinatu ostean, ate hori ere irekiko litzateke. Egun, bost preso daude EHUn matrikulatuta, eta beste oztopoetako bat diruarena dela kontatzen du Urrusolok. «Doakotasunerantz eman beharreko urratsa da matrikulena. Presoen egoera ekonomikoa oso eskasa da barruan dauden bitartean eta ikasketena beste zama bat bezala bizitzen dute, beren ingurukoek ordaindu beharko lieketelako. Kanpokoentzat zama gehigarri bihurtzeak atzera botatzen ditu asko».