INFO

Sei dominarekin itzuli da euskal ordezkaritza Munduko Sokatira Txapelketatik

Suitzako Sursee herrian jokatu da Munduko Belar Gaineko Sokatira Txapelketa eta euskal ordezkariak sei dominarekin itzuli dira. Taldeka lau domina irabazi dituzte, zilarrezko bi eta brontzezko beste bi, eta selekzioka beste bi zilar lortu ditu Euskal Selekzioak.

Euskal Selekzioa, maila mistoko tiraldi batean. (TOW2023)

Euskal Herritik joandako ordezkaritza sei dominarekin itzuli da azken egunotan Suitzako Sursee herrian, Luzernako kantoian, egin den Munduko Belar Gaineko Sokatira Txapelketatik. Taldeka lau domina irabazi dituzte euskaldunek, zilarrezko bi eta brontzezko beste bi, eta selekzioka beste bi zilar lortu ditu Euskal Selekzioak.

Txapelketa ostegunean hasi zen taldekako lehen probekin, eta uzta aurreneko unetik izan zen oparoa. Goiherri-Abadinok zilarrezko domina jantzi zuen 23 urtez azpiko emakumezkoen 500 kiloko mailan, finalean Txina Taipeiko Jingmei Dai Shi Dai taldearen aurka 3-0 galdu ondoren, eta Gaztedik brontzea bereganatu zuen hirugarren posturako lehian Cheadle talde britainiarraren aurka 3-0 garaile irten ondoren.

Gizonezkoen 560 kiloko mailan, Gaztedi izan zen zilarrezko domina irabazi zuena. Bizkaitarrek Perugia talde italiarra menderatu zuten 3-0, baina finalean 2-1 galdu zuten Sins talde suitzarraren aurka.

Ostiralean, 23 urtez azpiko maila mistoan, Goiherri-Abadiñok hirugarren amaitu zuen brontzea bereganatuz.

Larunbatean, selezkioen arteko lehian, Euskal Herriak 3-0 hartu zuen mendean Eskozia gizonezkoen 560 kiloko mailan, baina finalean Suitzaren aurka 3-0 galdu zuen, zilarrezko domina eskuratuz.

Igandean, azkenik, Euskal Selekzioak beste zilarrezko domina bat kolkoratu zuen 580 kiloko maila mistoan. Finalerdietan Italiari 2-1 irabazi zieten, baina finalean suediarrak indartsuagoak izan ziren, 0-3 nagusituz.

Euskal ordezkariak oso pozik agertu dira lortutako emaitzekin.