INFO

Tolosaldeak poparean pronostikoak hankaz gora bota eta Kontxako aurreneko jardunaldia eraman du

Tolosaldeak eraman du Emakumeen Banderaren aurreneko txanda, popareran Donostiarra eta Arraun Lagunak gaindituta buruz buruko lehian, 18 ehuneneko aldearekin. Aurreneko txandatik abiatuta, Oriok denbora bikaina egin du, baina laugarren denbora markatu du.

Tolosaldeako arraunlariak, garaipena ospatzen. (FOKU)

Tolosaldeak pronostikoak hankaz gora bota ditu eta berak izango du Emakumeen XVI Kontxako Banderako denborarik onena datorren igandeko ohorezko txandan. Donostiarrak aurreneko luzean denborarik onena egin du, baina poparean Tolosaldeak bere legea ezarri du, baina poparean Izaro Lestayo patroiak godaturiko Tolosaldeak ez dio aurrera egiten laga.Bigarren kalea berea izan du Tolosaldeak eta Lestayok inork baino hobeto defendatu du bere kalea, “Bantxari” estriborrera joaten uzteke.

«Amesten genuen aurreneko postu bat lortzearekin, baina nik uste ez genuela sinisten», adierazi du Izaro Lestayok, hunkituta eta pozarren. «Denek esaten ziguten noizbait iritsiko zela garaipen hau, baina ez genuen uste Kontxan iritsiko zenik. Arraunlariek esan diet guk dagoeneko irabazi dugula eta beraiekin Munduaren amaieraraino noala. Gaur segundo bakoitzak zuen garrantzia eta azkenera arte tira egiteko esan diet. Guk dagoeneko irabazi dugu, baina datorren igandean amesten jarraitzera joango gara», gaineratu du getariarrak.

Arraun Lagunak 18 ehunenekora geratu da, atzetik aurrerako estropada bikaina egin eta gero, eta badia barruan Tolosaldeaekin nor baino nor sekulako ikuskizuna eman du. «Sekulako ikuskizuna espero dugu datorren iganderako. Hutsetik hastea bezalakoa izango da datorren igandeko estropada. Bere kalearekin hobekien jokatu eta gehien asmatzen duenak, hark eramango du bandera», laburbildu du horren harira Andrea Astudillo “Lugañene” ontziko patroiak.

Esan bezala, Donostiarra izan da bigarren txandako aurreneko luzean menpean hartu duen trainerua. Azkenean Tolosaldearekiko pare bat segunduko atzerapena pilatu du, poparean ezin izan baitu brankaz erakutsitako maila mantendu, neurri handi baten Tolosaldeak ez diolako bere indarra erabat probesten utzi.

Bada, esan bezala, aurreneko txandatik ohorezko txandara pasa den bakarra Orio izan da, laugarren postuan orotara, Tolosaldearengandik 4,66 segundura. «Besteekiko errespetu osoz, bagenekien zozketa eta gero gure lana erlojuaren aurkako proba bat bezalakoa izan beharko zela, bigarren txandan daudelako gure areriorik gogorrenak», azaldu du Nadeth Agirrek aurreneko txanda amaitu berritan.

Goibeletik argira

Uste baino giro goibelagoarekin eta haize aldakorra tarteko, nahiz eta ufada indartsurik ez den izan, Kontxako Bandera arraunerako aitzakiarik gabe esnatu da. Emakumeen Banderak, aspaldion ohikoa den legez, zabaldu du eguna.

Orioren erreferentziak lagun, bigarren txanda erabateko ikuskizuna izan da donostiarra, Arraun Lagunak eta Tolosaldearen artean. Hondarribia izan ezik, atzean geratu baita hasieratik, Donostiarra, Tolosaldea eta Arraun Lagunak parean abiatu dira, Orioren erreferentziak gogoan. Donostiarrak erakutasi du branka aurreneko luzearen erdialdera, eta Orioren denbora hobetuz lortu du ziaboga ematea ere.

Ziabogaren ostean Tolosaldeak zerbaitetarako dagoela erakutsi du. Bere kalea defendastuz, Donostiarrasri ez dio estriborrera joaten laga eta estropadaren branka lehiatu dio “Bantxari”, Arraun Lagunak atzera geratzen joan den heinean popareko aurreneko minutu horietan. Izaro Lestayoren aginduetara, aurrea hartu du Tolosaldeak, nahiz eta hirugarren kaletik, badia barrura sartzeko unean, Arraun Lagunak ere atzetik aurrera azaldu den.

Ez da harritzekoa izan helmugara iritsi berritan Tolosaldeak erakutsi duen emozioa. Malkoak, garrasiak eta irribarreak nonahi, egun goibela argitzeko balio izan duten erreakzioak, sekulako ikuskizuna eskainita lortu baitute aurtengo beren aurreneko garaipena.

«Bigarren txandakoek gure denborak hobetu dituzte eta horrek adierazi nahi du kristoren estropada egin dutela. Beraz, zorionak eman besterik ezin dugu egin», onartu du Itsaso Azkonobieta Orioko arraunlariak.

«Tolosaldea ez da kontuan hartu Kontxako Bandera irabazteko lehiara begira, baina Zarutzen sekulako estropada eginda amaitu zuen eta talde gazte horrek oso indar handia daukala bistan geratu da. Dena dela, lehia irekia dago eta edozer gauza gerta liteke. Hurrengo igandean denak parean izango gara eta ea nora erortzen den Bandera», gaineratu du Azkonobietak.

Hala, aurreneko txandan Hibaika, Hondarribia, Zumaia eta Kaiku ariko dira, baina inoiz baino gehiago, ohorezko txandari begira izango dira begi guztiak, Tolosaldeak aurreneko igande honetan lortu duena berretsiko ote duen, ala atzetik bertan dauden Arraun Lagunak, Donostiarra edo Oriok buelta ematerik izango ote duten ikusteko.

Emakumeen Kontxako XVI. Bandera. Sailkapena:

1- Tolosaldea 10:37.64

2- Arraun Lagunak 10:37.82

3- Donostiarra 10:39.80

4- Orio 10:42.30

5- Hibaika 10:57.22

6- Hondarribia 10:59.32

7- Zumaia 11:04.86

8- Kaiku 11:15.56