INFO

Gasteiz da etorkin gehien bizi den eskualdea, biztanleen %14,9a

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanleen datuak argitaratu ditu Ikuspegi migrazioaren euskal behatokiak. Etorkin gehien dauden hirigunea Gasteiz da, eta ondoren, Behe Bidasoa. Guztira, biztanle guztien %11,5a da etorkina EAEn.

Gora Gasteiz, aniztasunaren aldeko eguna Arabako hiriburuan. (Raul Bogajo | FOKU)

Ikuspegi migrazioaren euskal behatokiak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanleen datuak argitaratu ditu. Gasteiz da etorkinen ehuneko handiena duen eskualdea, biztanleen %14,9a da etorkina, eta jarraian Behe Bidasoa (Gipuzkoa) %14,1.

2022ko urtarrilaren 1ean 2.208.174 pertsona zeuden erroldatuta EAEn, eta horietatik 253.939 zen atzerritar jatorrikoa; biztanleria orokorraren %11,5a.

Atzerritar jatorriko biztanleriak lurraldean duen banaketari dagokionez, hiriburuetan biltzen da ehuneko handiena. Hiru herrialdeetan dauden biztanleen %68,3a biltzen dute hiru hiriburuen artean: Bilbo handian %38,2; Donostialdean %15,3 eta Gasteizen %14,8.

Atzerritar jatorriko pertsonek eskualde eta kuadrilla bakoitzeko biztanleria osoarekiko duten ehunekoari dagokionez, hurrengo sei eskualdeek dituzte ehuneko altuenak, hiru herrialdeen bataz bestekoaren gainetik (%11,5), faktore ekonomikoengatik, besteak beste. Horietako bi Araban daude: Gasteiz (%14,9) eta Guardia-Arabako Errioxa (%12,3). Beste laurak Gipuzkoan daude: Bidasoa Beherea (%14,1), Debabarrena (%12,2), Goierri (%11,9) eta Donostialdea (%11,7).

Hala, nabarmentzekoa da Gasteizko kuadrilla, han baitago atzerritar jatorriko pertsonen proportzio handiena, eta Bidasoa Beherea, mugan.

Bigarren talde batean daude atzerritar jatorriko biztanleak EAEko bataz bestekotik behera baina %10etik gora diren eskualdeak eta kuadrillak: Bilbo Handia (%11,3), Arabako Lautada (%11,0), Markina-Ondarroa (%10,9), Añana (%10,8), Gernika-Bermeo (% 10,7), Tolosaldea (%10,6) eta Durangaldea (%10,2).

Bilkaera eta herrialde-fluxuak

Migrazio fluxua pixkanaka igotzen joan da azken urteetan zehar. 1998an atzerritar jatorriko biztanleria, biztanleria osoaren %1,3a zen. Handituz joan zen pixkanaka, 2008an Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanleen %6,6koa zen. Eta ordutik aurrera, ekonomia-krisiaren ondorioz migrazio-fluxuak geroz eta motelago hoan ziren hazten. 2019an biztanleriaren %10,1 izatera iritsiz.

Jaiotza eremuaren arabera ere ezberdina da portzentajea. Latinoamerika da jatorri nagusia, etorkinen %52 jaio zen berta. Ondoren, Magreb litzateke (%14,5), Europar Batasuna (%14,2) eta, neurri txikiagoan, Saharaz hegoaldeko Afrika (%7,2) eta Asia (%6,5).

Jatorriko herrialde nagusiei erreparatuta, ordea, Maroko da EAEko etorkinen jatorri nagusia, Kolonbia bigarren herrialde ugari eta, eta jatorri nagusia da esate baterako Gasteizen. Donostialdean, berriz, atzerriko jatorri nagusia Honduras da.

Gizon eta emakumeen arteko oreka dagoela esan daiteke, nahiz eta emakumeak apur bat gehiago diren, %52,3. Sexuaren araberako baanketa horrek zerikusia du jatorri geografikoarekin Ikuspegiren arabera; emakumeak gehiago baitira latinoamerikar jatorriko pertsonen artean, eta gutxiago, berriz, Saharaz hegoaldeko Afrikako eta Magrebekoen artean.