INFO

Roberto Olabek jakinarazi du Jon Karrikaburu bi denboraldirako joango dela utzita Alavesera

Realeko kirol zuzendariak prentsaurrekoa eman du gaur udara «luzeak» eman duenaz hitz egiteko. Aurrelari nafarrak bi sasoi Alavesen egin ostean, klub babazorroak jokalaria fitxatzeko aukera izango du. Realaren xedea «eredu iraunkor bat» finkatzea da, «zailtasun handiko eszenatoki batean».

Roberto Olabe Realeko kirol zuzendaria, gaur Donostian egin duen agerraldian. (@RealSociedadEUS)

Roberto Olabe Realeko kirol zuzendariak prentsaurrekoa eman du gaur uda «luzeak» eman duenaren berri emateko. Jokalariak fitxatzeko epea amaituta, eta denboraldi honetako multzoa osatuta, Olabe pozik agertu da taldeak indartu nahi zituen postuak sendotu dituelako, eta jokalari garrantzitsuenek taldean jarraitzen dutelako.

Jon Karrikaburu izan da taldetik joan den azkena: aurrelari nafarra Alavesera joan da utzita bi denboraldirako –federazioko arauek ez dute baimentzen sasoi bat baino gehiagoko lagapenik, baina hala hitzartu dute txuri-urdinek babazorroekin–, eta hori amaitzean Alavesek jokalaria bereganatzeko aukera izango du.

Hala ere, Olabek adierazi du Realak aurrelaria fitxatzeko aukera ere izango duela. Hori bai, ez du argitu zein izan diren adostutako diru kopuruak. «Realak jokalaria berreskuratzeko aukera du, babazorroek jokalaria erosteko aukera bertan behera utzita», azaldu du Olabek, eta gaineratu, Karrikaburuk Lehen Mailako talde batean jokatu nahi zuela, Sanserekin eta Leganesekin Bigarren Mailan aritu ostean.

Realak utzita dituen gainerako jokalariei dagokionez, Olabek argitu du Alex Sola eta Robert Navarro jokalarien kontratuek ez dutela fitxatzeko aukerarik jasotzen. Alegia, beste klubek ez dutela Navarro eta Sola fitxatzeko aukerarik izango, behin denboraldia amaituta. Bai, ordea, Diego Ricoren kasuan. Izan ere, klubaren iritziz, ezker alboko atzelariak «eman dio Realari eman ahal zion guztia».

Bestalde, Andre Silvaren inguruan, utzita etorri denez, Olabek adierazi du Realak baduela, behin lagapena bukatuta, aurrelaria fitxatzeko aukera. Kieran Tierney fitxaketa berriaren kasuan, aldiz, ez du aukera hori.

Helburua, Europara sartzea

Udan egon diren fitxaketez gain, Realeko kirol zuzendariak klubaren oinarriez ere hitz egin du, eta helburua zein den nabarmendu: «Eredu iraunkor bat finkatu nahi dugu, zailtasun handiko eszenatoki batean, Txapeldunen Ligan, alegia».

Taldearen xede nagusia berriro ere Europan sartzea dela azpimarratu du, «horrek dakarren zailtasunarekin», jakinda hurrengo denboraldian «Europarako sailkatu nahi» dutela, «denboraldi honetan, Txapeldunen Liga jokatuta». Hala ere, Olabek esan du Realak argi duela «ligan lortutakoak eramaten dituela Europara».

David Silvak utzitako hutsuneaz ere mintzatu da, eta nabarmendu du erdilaria «ordezkaezina» dela, eta, ondorioz, haren ordezko bat bilatzeak «frustrazioa» eragingo zuela, ez dagoelako «ordezkorik». Horregatik, Olabek adierazi du postu askotan jokatu dezakeen jokalari baten bila aritu direla, Silvaren postuan ere joka zezakeena. Eta, horretarako, fitxatu zuten Arsen Zakharyan errusiarra.

Horrez gain, Realeko kirol zuzendariak nabarmendu du taldea osatzerako garaian, Realak hiru oinarrien baitan hartu dituela erabakiak: «Oinarri finantzarioa, identitarioa eta kirolekoa kontutan izanik, talde orekatua, ordenatua eta bereziki moldakorra eratu dugu».

Txapeldunen Ligako aurkariak

Pasa den osteguneko Txapeldunen Ligako zozketarekin pozik agertu da Olabe, eta nabarmendu du txuri-urdinentzat «lehiatzeko eta aurrera jarraitzeko aukera handia» dela.

«Txapeldun historikoak dira, eta Txapeldunen Ligako azken kanporaketetan hor egon dira. Salzburgo gorantz doan proiektua da, Realaren antzera, eta gu identifikatuta sentitzen garen oinarri batzuk dituzte. Multzo ederra egokitu zaigu, oso zorrotza ere. Lehiatzeko aukera handia da, eta aurrera egingo dugu, zergatik ez. Hori ere anbizioa da. Ahalik urrunen iristea», azpimarratu du Olabek.