INFO

Suteen ondoren, Greziako erdialdea astindu du ‘Daniel’ ekaitzak eta hildako bat utzi

Gutxienez pertsona bat hil da eta beste bat desagertuta dago ‘Daniel’ ekaitzak Grezian eragindako astinduaren ondorioz. Deboraleak eurite handiak utzi ditu herrialdearen erdialdean, eta, alde positiboan, baso-suteen oldeak eragindako mehatxuari eustea lortu du.

Gizon bat euriteek utzitako zaborra garbitzen Volosen, astearte honetan. (EUROKINISSI | AFP)

Suteetatik euriteetara igaro da Grezia astearte honetan ‘Daniel’ ekaitza dela eta. Bereziki erdialdean eragina izan du; 70 urteko gizon bat hil da eta beste pertsona baten bila ari dira. Baso-suteei eusteko lagungarria izan da, aldiz.

Volos hirian, kaltetuenetako batean, topatu dute 70 urteko abeltzain bat hilda, lur irristatze baten ondorioz eraitsitako horma batek azpian harrapatuta. Bilatzen ari diren pertsona ustez ur-korronte batek eramandako gizon bat da, ERT telebista kateak aipatutako suhiltzaileen bozeramaile baten arabera.

Agintariek ibilgailuen zirkulazioa debekatu dute gune batzuetan, eta gomendio orokorra arriskuak saihestea da. Larrialdi zerbitzuek funtsezkoak ez diren mugimenduak murrizteko eskatu diete Volos, Tesalonika, Laria, Eubea eta Kateriniko biztanleei.

Kyriakos Mitsotakis Greziako lehen ministroak Katerina Sakellaropoulou presidentearekin egindako bileran aitortu duenez, «oso zaila» da horrelako denborale bati aurre egitea herritarren laguntzarik gabe.

Azaldu duenez, Greziak «muturreko» fenomeno bati aurre egin behar dio eta, beraz, lehen ministroarentzat funtsezkoa da pertsona guztiek Babes Zibilak egoeraren bilakaeraren arabera ezartzen dituen jarraibideei jarraitzea.

Meteorologoek iragarri dute baldintza klimatologikoek zailak izaten jarraituko dutela datorren ostegunera arte, eta arreta berezia jarriko dute Greziako erdialdean eta Peloponeso penintsulan, herrialdearen egoaldean, gerta daitekeenagatik.