INFO

Kontseiluak Euskal Herriko hezkuntzaren egoera aztertu eta premiazko proposamenak aurkeztu ditu

Ikasturte berria hasten ari den honetan, hezkuntza arloan eman beharreko jauziaren inguruko gogoeta plazaratu nahi izan du Euskalgintzaren Kontseiluak. Txosten bat aurkeztu du asteazken honetan, EAEko, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko errealitateak aztertuz.

Idurre Eskisabel, Kontseiluko idazkari nagusia, txostenarekin. (KONTSEILUA)

Hezkuntza sistemak «euskara gehiago» behar duela aldarrikatu du Kontseiluak Hezkuntza Lege berriaren eztabaidan, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoari dagokionez. Nafarroaren kasuan, 1986ko Euskararen Legearen ondorioz, zonifikazioak ezarritako hesia gainditzeko beharra lehenetsi du. Eta Ipar Euskal Herriaren, berriz, euskararen ofizialtasun ezak belaunaldi berrien euskalduntzean sortzen dituen oztopo ugariak identifikatu ditu.

Horiek dira Euskalgintzaren Kontseiluak, euskararen ikuspegitik, Euskal Herriko eremu administratibo ezberdinetako hezkuntza sistemen azterketa egin ondoren, asteazken honetan aurkeztutako txostenak jasotzen dituen premiazko erronka eta proposamenak.

Hezkuntza sistema «funtsezko elementua» da gutxitutako hizkuntza baten berreskuratze, normalizazio eta biziberritze prozesuan Kontseiluaren arabera, eta, azkenaldian, hainbat dira euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuan bultzatzeko hizkuntza politiketan jauzi bat ezinbestekoa dela eskatzen dutenak.

Hori dela eta, ikasturte berria hasten ari den honetan, hezkuntza arloan eman beharreko jauziaren inguruko gogoeta plazaratu nahi izan du Euskalgintzaren Kontseiluak. Hala ere, hezkuntza bidezko hizkuntza politikak desberdinak dira Euskal Herria banatzen duten hiru eremu administratiboetan, eta, ondorioz, hiru errealitate desberdin aztertu ditu Kontseiluak.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa

EAEn, iazko matrikulazio datuen arabera derrigorrezko hezkuntzako ikasleen ia hiru laurden dira D ereduan ikasten dutenak (proportzioak %80 gainditzen du haur hezkuntzan). A ereduan ari direnak –euskara ikasgai huts dutenak– %5 inguru dira ikasketa maila guztiak aintzat harturik. Kontseiluaren arabera, egun EAEn derrigorrezko mailetan eskolaturiko ikasle ia denek dute euskararekin harremana, kasu batzuetan gutxienekoa bada ere.

Hala ere, datu soziolinguistikoek argi adierazten dute euskararen ezagutzan aurreratutakoak ez duela zuzenki eragiten erabileran. Gainera, 2021eko ISEIren Ebaluazio Diagnostikoaren arabera, LH4n ikasleen %37,8ak eta DBH2n %54,4k ez du elebitasun helburua lortzen: «Hau da, milaka haur eta gazte euskara gaitasun nahikorik gabe uzten ditu gaur egungo hezkuntza sistemak».

Hastear den ikasturteak gertakari garrantzitsua dakar berarekin Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan: Hezkuntza Lege berriaren Legebiltzarreko eztabaida. Hala, lege berriak osatzeko prozesuan Kontseiluak argi adierazi du zein den ikasleak euskaraz jabetzera eramango dituen bidea: «Euskara ikas- eta irakats-hizkuntza izango duen eredu orokortu inklusiboa, euskal kultura ardatz izango duen euskal curriculuma eta hezkuntza ez-arautua osorik euskaraz garatzea».

Hiru elementu horiek, gainera, muineko joera batek gidatuta: «Euskara gutxien duenari gehiago ematea; hau da, euskararen araberako zaurgarritasun soziolinguistikoa aintzat hartu eta behar diren baliabideez lantzea».

Kontseiluak argi du EAEko Hezkuntza Lege berriak «zehaztasun gehiago» behar duela, hain zuzen ere, euskara gehiago izan dezan. «Eta, batik bat, euskara gutxien dutenek gehiago izan dezaten», gaineratu du txostenean.

Lege egitasmoaren gaineko eztabaida abian da Legebiltzarrean eta oraindik ikusteke dago zer gertatuko den. Baina lege proiektuaz harago, proposamen hori onartu edo ez, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hezkuntza sistemak jauzi bat behar du hizkuntza- politikaren ikuspegitik Kontseiluaren iritziz: «Euskara gehiago behar du, eta arestian azpimarratu bezala, gutxien duenari gehiago eman behar zaio».

Nafarroa: hesitutako eremua gainditu

Nafarroaren kasuan, Kontseiluak adierazi du zonifikazioak eta haren bidez ezarritako arau eta oztopoek aurretiazko joera soziolinguistikoa indartu ez ezik, eremuen artean gero eta urrunago dauden errealitate eta bizipenak sortu dituztela herrialdearen baitan.

Nafarroa osotasunean hartuta, iaz derrigorrezko hezkuntzan eskolaratuta zeuden ikasleen %63 G ereduan ari ziren; hau da, ez zegoen euskararik haien ikas programetan. %24 ziren D ereduan ari zirenak eta %13 A ereduan.

Aurten eskolan hasi direnen matrikulek ere iazko Haur Hezkuntzako datuek islatzen dutena errepikatzen dute: %30era hurbilduko da D ereduko matrikulazioa, %18 inguruan kokatuko da A eredukoa, eta, horrenbestez, %52 G ereduan eskolaratuko da, hau da, euskara erabat ezabatuta daukan ereduan.

Kontseiluak «kezkaz» hartzen ditu datuok. «Izan ere, euskara ardatz duen irakats-ereduak, D ereduak, urteak daramatza %30era hurreratzen den langa hori gainditu ezinik», azpimarratu du Kontseiluak.

Arrazoiak hainbat dira euskaltzaleen ustez. Batetik, PAI ereduen bidez eragin den galga; bestetik, «migrazioaren haritik bestelako errealitate bat sortu da, baina euskararen ikuspegitik ez da inolako harrerarik egiten; aitzitik, euskararik gabeko ereduetara bultzatzen dira Nafarroara ailegatu berri diren ikasle horiek».

Egoera horretan, premiazko bi neurri ezinbestekoak direla uste du Kontseiluak: batetik, D eredua %30ean hesitutako eremu horretara kateatzen duten baldintzak aldatu eta eredu hori zabaltzeko sustapen politikak abian jartzea. Eta bestetik, Nafarroan eskolaratzen diren haur guztiei euskararako bidea eskaintzea.

Ipar Euskal Herria: ofizialtasuna eta ezagutza ezaren ajea

Nafarroan %52 badira orain eskolaratu eta hezkuntza sistemako ibilbidea euskararekin harremanik eduki gabe egingo dute ikasleak, kopuru hori %57koa da Ipar Euskal Herrian, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan.

Lehen mailetan euskara irakats-hizkuntza nagusi duten ereduetan ariko direnen ehunekoa are eta apalagoa da: %14,8. Gainera, ehuneko horretatik zati bat baino ez da murgiltzean ariko dena, hots, Seaskako 2.638 ikasleak. Beste 1.157k ere euskara izango dute irakats- hizkuntza zentro publiko zein pribatuetan, baina ikasgelaz kanpoko eskola bizitzan ez dute bermatuta euskara izango dutenik hizkuntza nagusia. Azkenik, eredu elebiduna hautatu dutenak %27,2 inguru dira Egoera are eta okerragoa da bigarren hezkuntzan: ikasleen %21 pasatxo dira ikasgeletan euskara jasoko dutenak.

Kontseiluaren arabera, ofizialtasunik eza oztopo handia da Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan euskarazko ereduetan aurrera egiteko, eta hezkuntza bidezko transmisioaren bidez euskararen normalizazio eta biziberritzean eragiteko.

Gauzak horrela, Kontseiluaren iduriko ezinbestekoak dira lehentasunezko neurri batzuk: hala nola, Baxoa euskaraz egiteko aukera edota sare publikoan euskarazko ereduak zabaltzeko trabak ezabatzea. Eta, orokorrean, euskara ikasle guztien eskura jartzeko epe luzeko eta hedadura zabaleko politikak abiatzea.